Gasteizko AEK-k eta Armentia ikastolak lankidetza jarriko dute martxan guraso etorri berriek euskara beregana dezaten, Josu Ramos Etxezarreta Gasteizko AEK-ko zuzendariak eta Paul Bilbao Armentia ikastolako zuzendariak iragarri dutenez.

Ramosek eta Bilbaok Gasteizko AEK-k eta Armentia ikastolak hurrengo hilabeteetan euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko abiatuko duten elkarlanaren berri eman dute.

Azaldu dutenez, Armentia ikastolak Gasteizko euskalgintzako eragileen elkarlana sustatzea du ardatz, eta bere egitekoa hainbat jatorritako familiak euskalduntzea da.

Aldi berean, belaunaldi berrien erreferenteak euskaldunak izatea "ezinbestekotzat" jotzen du, besteak beste, gurasoak. Horrez gain, ikastolaren bokazioa Gasteizi ekarpena egitea da eta, horregatik, ekimena hiriko jatorri ezberdinetako familia guztiei dago zuzendua.

Horrela, elkarlanaren bidez, Zabalgana auzoan eta inguruan hainbat jatorritako familiei euskara eskolak emateko proiektua jarriko dute martxan AEK-k eta ikastolak.

Ramosen hitzetan, "guraso etorri berriak euskarara erakartzeko zailtasunak ditugula agerikoa da. Sustapenak egiten diren arren, zaila zaigu haiengana iritsi eta euskararen mundura erakartzea".

Hori dela eta, elkarlana jarri dute abian. "Hurbilpen horretan laguntzeko asmoz, martxan jarriko dugun proiektuak guraso direnekin saiakera berezia egin eta harreman sare berriak sortuz euskararen mundura hurbiltzea du xede", zehaztu du.

Ildo horretan, "euskararen gutxieneko ezagutza bereganatu, ulermena erdigunean jarri eta euskarazko komunikazioa bermatu" nahi dutela azaldu du.

Gainera, "euskal eta erdal komunitateen arteko zubiak eraikitzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko" hainbat urrats jarraituko dituzte AEK-k eta Armentia ikastolak, eta, horretarako, urritik ekainera guraso etorri berrientzako euskara eskolak antolatuko dituzte Zabalganako auzo elkartean. Ikasleek prezio berezian ikasi ahal izango dute euskara, eta astean bitan euskara eskolak jasoko dituzte.