Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, irailaren 4an, tenperaturak behera egingo du eta euri pixka bat egingo du, baina arratsaldean atertuko du. Egunaren lehen zatian lainotuta egongo da, batez ere ipar partean, eta euria egingo du bereziki Kantauri isurialdean; arratsaldean atertuko du eta ostarteak irekiko dira, gero eta zabalagoak.

Ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haizea nagusituko da. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira leku askotan eta beroenak 21-24 gradukoak izango dira. Hiriburuetan, Baionan 17 gradu espero dira gutxienez eta 23 gehienez, Bilbon 18 gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 15 gutxienez eta 22 gehienez, Gasteizen 11 gutxienez eta 22 gehienez eta Iruñean 15 gutxienez eta 25 gehienez.

Itsasbazterrean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, eta eguerdi aldera ipar-mendebaldera egingo du eta 4-5eko indarra izango du; itsaso kizkurra edo itsaskirria sortuko du hasieran, eta egunaren erdialdeko orduetan itsaskia edo itsaski handia.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 03:08an eta 15:23an izango dira, eta itsasbehereak 09:05ean eta 21:34an. Uraren tenperatura 22 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

BALORAZIOA

"Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da egunaren lehenengo partean, bereziki Kantauri isurialdean; egunaren bigarren partean hodeiak gutxitu egingo dira. Euri txikia egingo du, batez ere Kantauri isurialdean non zenbait lekutan ertaina egin dezakeen; arratsaldean atertzera egingo du. Barnealdean ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin arratsaldean. Kantauri isurialdean mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren bigarren partean ipar/ipar mendebaldekoa nagusituko da, bolada gogor batzuekin arratsaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; leku batzuetan egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira".