Vitoria-Gasteizko Udalak amaitu du Udaltzaingoaren Koordinazio Operatiboko Zentroko aretoaren berrikuntza integrala (Agirrelandako polizia-etxean). Instalazio berri hori hilaren hasieratik dago martxan, eta aurreko espazioarekin alderatuta, hobekuntza nabarmena ekarri du, bai azalerari, bai ekipamendu teknologikoari eta gaitasun operatiboari dagokienez. Maider Etxebarria alkateak, Cesar Fernández de Landa Segurtasun zinegotziak eta Izaskun Reyes Mantentze-lanetako zinegotziak Koordinazio Operatiboko Zentro berritua bisitatu dute, obraren emaitza bertatik bertara ezagutzeko.
Areto berriak 092 telefonora egindako deiak bideratzen ditu, besteak beste, eta polizia-etxeko espazioak berriro banatzeko eta hobetzeko planaren barruan diseinatu da, Udaltzaingoko langile kopurua handitu egin dela kontuan izanda eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin. Lanak hainbat fasetan egin dira, eta azalera erabilgarria jatorrizko 93 m²-tik egungo 161 m²-ra handitu da. Horri guztiari esker, kontrol-zentro zabalagoa, modernoa eta Udaltzaingoaren behar berrietara egokitutakoa lortu da.
Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, Udaltzaingoak “aurrerapausoa eman du punta-puntako koordinazio-zentro hori martxan jarrita. Bere teknologia berritzaileak balizko gorabeheren aurrean prebenitzeko, kontrolatzeko eta erantzuteko Udaltzaingoak duen gaitasuna indartu du, eta horrek modu eraginkorragoan erreakzionatzeko aukera emango digu”. Alkateak azpimarratu du baliabide hori ez zela soilik behar operatibo bat, baizik eta “aurrerapauso nabarmena da segurtasunaren arloan eta herritarrei lasaitasuna ekarriko die”.