Gasteizko udalbatzak behin betiko onartu du TAOren ordenantza berria eta irailaren 15etik aurrera aplikatuko da, aparkatzeko 6.000 plazatik 11.110era igaroz. Arau berriak egungo sistema modernizatuko du eta herritarren benetako beharrei erantzungo die.
Erregulazio berria prozesu parte hartzaile baten emaitza da eta babes politiko eta sozial zabala lortu du. Helburua da presio handiko auzoetan aparkalekuetarako sarbidea hobetzea, gremioen eta profesionalen lana erraztea eta sistema bidezkoagoa, modernoagoa eta eraginkorragoa egitea.
Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, "ordenantza hau espazio publikoa hobeto antolatzeko eta bizikidetza errazteko sortu da. Tresna erabilgarria da, zorroztasunez eta adostasunerako borondatearekin landutakoa. Horri esker, pertsona askoren eguneroko bizitza hobetu ahal izango da".
Ordenantzaren berritasun naagusiei dagokienez, tiket fisikoa kenduko da, eta nahikoa izango da matrikula parkimetroan edo app mugikorrean sartzea. Gainera, TAO eremuak gehituko dira, 6.000 plazatik 11.110era, eta Arana, Aranbizkarra, Santa Luzia, San Martin, Aranzabal eta Adurtza (Triana) auzoak sartu dira.
Egoiliarrentzako TAO/ZBE eremu berria sortu da, etorkizuneko emisio gutxiko eremuari lotuta. Bereizgarri profesional berria ere izango da gremioentzat, autonomoentzat eta ibilgailua erabiltzen duten langileentzat.
Zamalanetarako eremu berriak sortu dira, horretarako erregulazio espezifikoarekin, eta abuztuaren 1etik 31ra ez da TAO zerbitzurik aplikatuko. Kontroleko sistema modernizatu da, matrikulen irakurketa automatikoarekin, eta zehapen sistema argiagoa eta proportzionatuagoa eratu da, arau hausteen tipologia berriekin.
"Abuztuan instalatuko dira seinaleztapena eta parkimetro berriak, irailean sistema erabat erabilgarri egon dadin", esan du Artolazabalek.