Ertzaintzako agenteek 32 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostiralean Gasteizko etxebizitza batean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Alde Zaharreko etxebizitza bateko bizilagunak 04:00ak aldera adierazi dio Ertzaintzari bere etxean lapurtzen saiatu direla. Biktimak bertaratutako patruilari azaldu dionez, gela batean lotan zegoenean, hautsitako kristalen zarata entzun du terrazan, lehenengo solairuan.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik azpimarratu dutenez, "salatzaileak ikusi du leiho bateko kristala hautsita zegoela eta terrazan pertsona bat zegoela. Une horretan, oihuka hasi da eta ustezko lapurrak handik alde egitea lortu du", azpimarratu dute bertatik prentsa-ohar baten bitartez.

"Agenteek egiaztatu dute odol arrastoak zeudela hautsitako kristalen artean eta kaleko hainbat lekutan, eta egilea, ustez, handik aldendu dela", esan eta gaineratu dute: "Gainera, eraikinaren fatxadan hodi bat zegoela ikusi dute, eta inplikatua terrazara bertatik igo dela pentsatu dute".

OSPITALERA

Kaleko odol arrastoari jarraituz, poliziak Santiago ospitalera iritsi dira, eta esku batean eta beso batean ebakiak zituen gizon bat aurkitu dute bertan.

Osasun zerbitzuek artatu eta lesioak etxebizitza batean sartzeko leiho bateko kristala haustean egin dituela aitortu ostean, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute. Atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarriko dute polizia eginbideak amaitu ondoren.