Patinete elektrikoak TUVISAren hiri barruko autobusetara eta BUX zerbitzura sartzeko debekuari eutsiko zaio mugikortasun pertsonaleko ibilgailu horien segurtasun mailari buruzko egungo ziurgabetasunek jarraitzen duten bitartean. Hala onartu du TUVISAren kontseiluak, PSE-EEren, PPren eta EAJ-PNVren aldeko botoekin, erabaki hori hartzeko orduan aholkularitza emateko berariaz egindako bi txostenetan oinarrituta.
Aholkularitza-enpresa independente batek egindako txostenetako batek mugikortasun arineko ibilgailu horien bateria-sistemak aztertu, lotutako arriskuak zehaztu, akatsak gertatzeko moduak zerrendatu, eta, azkenean, horri buruzko hainbat ondorio eta gomendio eman ditu. Dokumentu tekniko, legal eta informatiboen arteko 40 erreferentziatan oinarrituta, txostenak ondorioztatzen du bateriek dituzten segurtasun sistemek ez dutela erabat ezabatzen akatsen aukera, eta horien artean nagusia sutea dela.
Gasteizko Suteen Itzaltze eta Prebentzio Zerbitzuak egindako bigarren txostenean litio ioi bateriekin lotutako arriskuak eta gailu horien akats termikoen kausak aztertzen dira, eta autobus batean izandako sute baten ondorioak azaltzen dira
Txostenak berariaz adierazten duenez, “Patinete elektriko baten bateriak hiri barruko garraioko autobus baten barruan sua hartzen badu, gas kaltegarrietarako aireztapen txikia duen espazio itxiaren ezaugarriak eta larrialdiko irteeren blokeo posiblea direla eta, istripu larria gerta daiteke”, eta, azkenik, TUVISAren ibilgailuetan patinete elektrikoak ez sartzea gomendatzen du, ezarritako erabilera gomendioen eta bateria fabrikatzaileen jatorriaren eta kalitatearen jarraipen zorrotza egin ahal izan arte.
BALORAZIOA
Gasteizko Suteen Itzaltze eta Prebentzio Zerbitzuak egindako bigarren txostenean litio ioi bateriekin lotutako arriskuak eta gailu horien akats termikoen kausak aztertzen dira, eta autobus batean izandako sute baten ondorioak azaltzen dira. Dokumentu horretan, amaitzeko, adierazten da patinete elektrikoak autobusera sartzea “nekez onar daitekeen arriskua dela bidaiarien eta garraioko langileen segurtasunerako”, eta, beraz, horiek sartzea debekatzea suteak prebenitzeko eta espazio itxietan arriskuak murrizteko beharrezko neurri gisa aipatzen du. Suteen Itzaltze eta Prebentzio Zerbitzuak bost prebentzio-neurrik osatutako blokea ere planteatzen du.