Eustaten datuen arabera, 2024an gora egin du Euskal AEn bizi diren eta lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituztela dioten landunen ehunekoak. Hala ere, aztertutako gainerako alderdietan, zailtasun handiaren pertzepzioa murriztu egin da 2023aren aldean.
Mendekotasuna duten pertsonak dituzten hiru pertsonatik ia batek (% 35,8) esan du zailtasun handiak dituela lana eta zaintza bateragarri egiteko; horrek esan nahi du ehuneko 2,9 puntuko igoera izan dela aurreko urtearen aldean. Aldiz, lana eta seme-alaben hazkuntza bateragarri egiteko zailtasun handiak dituztela uste duten landunen % 26,1ek ehuneko 3,1 puntu egin du behera 2023aren aldean. Azkenik, % 26,9k adierazi du zailtasun handiak dituela beren lan-jarduera eta jarduera pertsonalak uztartzeko (0,8 puntuko jaitsiera).
Genero-ikuspegitik, emakumeek zailtasun handiagoak dituztela adierazi dute bereziki lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko. Gizonen % 30,2k adierazi du zailtasun handia duela (2023an baino 3 hamarren gutxiago); emakumeen artean, berriz, ehunekoa % 41,2ra igo da, hau da, 6,1 puntu igo da aurreko urtearen aldean.
2024an, emakumeek eta gizonek egunero zaintzari eta etxeko lanei eskainitako denboraren aldea zertxobait handitu da 2023aren aldean. Hala ere, 2015etik izandako bilakaera aztertuz gero, 0,4 orduko murrizketa txiki bat ikusten da adingabeen zaintzan eta etxeko lanetan emandako denboraren arrakalan. Mendekotasuna duten pertsonen zaintzan, ordea, aldeak egonkor jarraitzen du.
Nahiz eta aldeak ez diren hazi denboran zehar, oraindik ere emakumeak dira alderdi horietan denbora gehien ematen dutenak. Hala, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek egoera berean dauden gizonek baino 1,2 ordu gehiago ematen dituzte, batez beste, haiek zaintzen (4,7 eta 3,5 ordu, hurrenez hurren).
Mendekotasuna duten pertsonen zaintzari dagokionez, emakume landunek 2,2 ordu ematen dituzte egunean; gizonek, berriz, 1,6 ordu, hau da, 0,6 orduko diferentzia dago. Etxeko lanei dagokienez, aldea 0,5 ordukoa da: emakume landunek 2,1 ordu ematen dituzte egunean eta gizonek 1,6.
Funtzioen banaketa desberdin hori gogobetetasun-mailetan islatzen da. Emakume landunen % 15,6k adierazi du ez dagoela oso pozik ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanetan duen parte-hartzearekin. Aitzitik, gizon landunen % 77,6 oso pozik dago bikotekidearen parte-hartzearekin. Hala ere, etxeko lanetan emandako denborarekiko gogobetetasuna antzekoa da gizonen (% 52,1) eta emakumeen (% 49,0) artean.
MENDEKOTASUNA
Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen emandako denborarekiko gogobetetasunari dagokionez, landunen % 41,2k adierazi du oso pozik dagoela eta ehunekoak antzekoak dira gizonen (% 42,2) eta emakumeen (% 40,1) artean. Gogobetetasuna handitu egiten da adingabeak zaintzeari dagokionez: landunen % 60,5ek adierazi du oso pozik dagoela eta zertxobait handiagoa da emakumeen artean (% 62,9) gizonen artean baino (% 58,2).
Jarduera pertsonalei eskainitako denborari dagokionez, biztanleria landunaren ia erdiak (% 46,4) adierazi du oso pozik dagoela eta gizonak dira gogobetetasun handiena dutenak (% 50,3), emakumeen % 42,3ren aldean.
Lanarekiko gogobetetasun orokorrari dagokionez, batez besteko balorazioa 10etik 7,4koa da. Hala ere, aldeak daude ebaluatutako alderdien arabera. Balorazio txarrena jaso duena sustapen profesionala izan da 4,0ko puntuazioarekin eta, ondoren, ordutegi-malgutasuna (6,5), lanaldiko atsedenaldiak (6,6) eta ordainsaria (6,9). Gehien baloratzen diren alderdiak lanaldia, oporrak eta baimenak (biak 7,4rekin) eta enpleguaren egonkortasuna dira (7,8 punturekin).