Gasteizko Etxanobe jauregian dagoen Emakumeen Etxeak ate irekien jardunaldia egingo du ostiralean, ekainaren 13an, bere instalazioak eta ematen dituen zerbitzuak erakusteko, eta bisita gidatuak, txikientzako jarduerak, askaria, zozketa bat eta kontzertu bat antolatu dira, besteak beste.
Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "Emakumeen Etxea ahalduntze feminista indibiduala eta kolektiboa sustatzeko espazioa da. Hainbat proiektu eta ekimen feminista biltzen ari gara leku berean, instalazioa gure hiriko emakumeentzat zein talde feministentzat erreferentziazko zerbitzu bihurtzeko helburuarekin".
Ildo horretan, "Gasteizko emakume guztien etxea" izatea nahi dutela ziurtatu du, eta, ate irekien ekitaldiarekin, "oraindik etxea ezagutzen ez duten pertsonak" erakarri nahi dituztela, "asko baitu eskaintzeko".
Egitaraua 17:00etan hasiko da, bisita gidatuekin, haurrentzako jarduerekin eta Emakumeen Etxeko taldeekin egingo diren topaketekin; 19:00etan askaria izango da parte hartzaileentzat eta ondoren zozketa bat izango da; 20:00etan, berriz, Miren Narbaizak kontzertua eskainiko du.
Gasteizko Gune Historikoaren bihotzean dagoen Emakumeen Etxeak Udal Berdintasun Zerbitzuak antolatutako Ahalduntze Feministaren Eskolaren jarduerak hartzen ditu.
Gainera, denbora, informazio eta proposamen feministen trukea errazteko hainbat tresna eskaintzen ditu, eta hiriko talde eta kolektiboentzat gelak erreserbatzeko aukera du, jarduerak egin ahal izateko.
Emakumeen Etxeak etxeko eta zaintza langileentzako informazio eta orientazio zerbitzua ere eskaintzen du, bai eta ezagutza feminista eta historian zehar emakumeek idatzitako lanak nabarmentzen dituen liburutegi feminista ere.