Emakunde emakumearen euskal erakundeak emakumeen bizi zikloaren aitortza soziala aldarrikatu du, benetako berdintasunerantzat beste urrats bat dela uste baitu.
'Hilekoaz eta menopausiaz hitz egin dezagun' jardunaldia egin du Emakundek astearte honetan Basaurin (Bizkaia), hilekoaren eta menopausiaren inguruan oraindik ere dirauten estigma eta tabuei buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzeko.
Jardunaldia 'Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko herri ituna' delakoaren jardueren barruan dago, eta itunaren baitan sortu den Belaunaldien arteko Taldeak bultzatu du. Emakundeko Aholku Batzordeko eta Gazteriaren Euskal Kontseiluko ordezkariek parte hartzen dute talde horretan.
Bere hitzaldian, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak historikoki eremu pribatuan zokoratu den errealitatea ikusarazteko beharra azpimarratu du: "Hilekoaz eta menopausiaz ikuspegi publikotik, sozialetik eta eskubideetatik hitz egitea ezinbesteko urratsa da benetako berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzeko. Hemen ere pertsonala politikoa da, eta emakumeen sexu eta ugalketa osasunak, etapa guztietan, gure politika publikoen muinean egon behar du".
Ildo horretan, Elgarrestak Herri Itunaren Belaunaldien arteko Taldearen lana eskertu du, "emakumeen bizi zikloaren inguruan eztabaida soziala sortzeagatik eta haien bizitzetan eta gizartean duten eraginagatik".
Talde horrek azken urtean emakumeen bizi zikloari lotutako gizarte pertzepzioen eta estigmen inguruan egindako lanaren emaitzak partekatu dira jardunaldian, batez ere hilekoaren eta menopausiaren ingurukoak.
Hala, Euskadiko 2.500 emakume inguruk parte hartu duten inkestaren emaitzak aurkeztu dira. Hilekoari dagokionez, emakumeen %45ek adierazi du lehen hilekoa iritsi izana modu negatiboan hauteman zuela, eta %70ek onartu du hainbat botika erabiltzen dituela hilekoaren minak arintzeko.
Menopausiari dagokionez, fase horretan dauden emakumeen %53k adierazi du ez direla ulertuak sentitu medikuek artatu dituztenean, eta emakumeen %48k uste du menopausiak bere egunerokoan eragin diola, ziurtasunik eza sentiaraziz bereziki.
Gainera, hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen Giza Liburutegia ezagutarazi da. Emakume horiek estigmekin, tabuekin eta oraindik ere emakumeen gorputzen eta bizi esperientzien inguruan dagoen desinformazioarekin lotutako bizipen pertsonalak partekatu dituzte.