Gasteizko Udalak katuen koloniak kudeatzeko programa onartu du ostiral honetan egindako gobernu bileran, hiriko kaleetan bizi diren katuen populazioa kontrolatzeko asmoz.
Osasun Publikoko Zerbitzua arduratuko da programa betetzen eta garatzen dela gainbegiratzeaz, eta udal langileekin, herritarren laguntzarekin eta 80 laguntzailetik gora dituzten Gaden eta Esperanza Felina elkarteetako boluntarioekin gauzatuko da.
PROGRAMA
Programa berriak jarraipena emango die azken urteetan egin diren eta 102 kolonia hauteman dituzten lanei. Helburuen artean daude kaleko katuen ongizatea eta babesa hobetzea eta bizilagunen eta katuen kolonien arteko bizikidetza ona ahalbidetzea, bai eta kaleetan katuak egotearekin lotutako arazoak minimizatzea ere, hala nola basafaunaren gaineko eragina edo osasun publikoaren inguruko balizko arriskuak.
Gasteizko Udalak onarturiko proiektu berriak adopzio programa sustatzea ere aurreikusten du, katu lagunkoiek kalea utzi ahal dezaten
Egitasmoan jasotzen diren ekintzen artean daude katuen errolda sortzea eta esterilizazio, identifikazio eta markatze programaren jarraipena egitea, elikadura zaintzea eta koloniak mantentzea, eta kolonien inguruan neurriak aplikatzea, felinoen osasungarritasun eta ongizate baldintzak ziurtatzeko.
Azkenik, Gasteizko Udalak onarturiko proiektu berriak adopzio programa sustatzea ere aurreikusten du, katu lagunkoiek kalea utzi ahal dezaten.
Bestalde, Gasteizko Udalak Andre Maria Zuria haur eskolako estalkia eta espaloiak berritzeko lanen kontratazioa onartu du gobernu bileran. Hasierako aurrekontua 166.641 euro da, eta 90 egun naturaleko gauzatze epea planteatu da.
Izaskun Reyes Mantentze Lanetako zinegotziak azaldu duenez, "eraikinak itoginak eta hezetasunak ditu, antzinatasunak eragindako teilatuaren narriaduraren ondorioz, 1967koa baita. Gainera, eraikinaren inguruko espaloiak egoera txarrean daude. Gaur lizitatzen den kontratuaren helburua bi arazoei konponbidea ematea eta estalkiaren eraginkortasun termikoa hobetzea da".
Egungo estalkia teila tradizional kurbatuzkoa da, eta Tectum Pro BMI sistemarekin berritzea proposatu da, teila arabiarraren ordez dagoenaren antzekoa den kolorezko teila zeramiko mistoa jarriz
Egungo estalkia teila tradizional kurbatuzkoa da, eta Tectum Pro BMI sistemarekin berritzea proposatu da, teila arabiarraren ordez dagoenaren antzekoa den kolorezko teila zeramiko mistoa jarriz.
Era berean, esku hartzea aprobetxatuko da hondatuta dagoen teilatu hegalaren erretena ordezteko. Halaber, proiektuak espaloiak eraistea eta ondoren hormigoiz eta akabera leunduz eraikitzea barne hartzen du.