Eskolako 2030 Agendaren Udal Foroa egin da astearte honetan Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean eta programan parte hartu duten hiriko 23 ikastetxetako ikasleek amaitzen ari den ikasturtean egindako lana aurkeztu dute bertan.

Borja Rodriguez Gasteizko Udaleko Hiri, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Ereduko zinegotziak 23 ikastetxeotako ikasleen inplikazioa eta parte hartzea eskertu du foroan egin duen agerraldian.

Ingurumen hezkuntzako programaren helburua da motibazioa, ezagutzak, gaitasunak, jarrerak eta konpromisoak garatzea, hiriko lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ingurumen arazoak konpontzen era aktiboan parte har dezaten, NBEren Batzar Nagusiak 2015ean onartutako 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan.

Ikasturte honetan landu den gaia 12. Garapen Jasangarrirako Helburuan zentratu da: 'Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularraren gaia bereziki azpimarratuta'.

"Badakit lan handia egin duzuela udalarentzat proposamenak, konpromisoak eta datorren ikasturtean gauzatzeko ekintza planak prestatzen. Eskerrik asko zuen ahaleginarengatik eta dedikazioarengatik", esan du Rodriguezek.

Ikasleen proposamenak kontuan hartu dituztela ziurtatu du, eta, horrela, Gasteizko Udalak "ahaleginak" egiten ari dela hainbat gaitan aurrera egiteko, hala nola "hondakinak bereizteko paperontziak jartzen, txartela behar duten edukiontziak jartzen, modu egokian birziklatzen dutenei hobariak ematen, tokiko merkataritzari eta nekazaritzako ekoizpen jasangarriari eta hurbilekoari laguntzen".