Gasteizko Udalak harrera egin die udalerria osatzen duten Administrazio Batzarrei, San Isidro eguna ospatzeko. Maider Etxebarria alkatea izan da ekitaldi tradizionalaren buru, eta bertan izan dira udalbatzako, Landa Eremuko Zerbitzuko eta UAGAko ordezkariak ere.

Etxebarriak kontzejuetan bizi, lan egin eta haiek zaintzen dituztenen lana eskertu du, eta haiekin partekatu du “eskaerei erantzungo dien eta herrien arazoei konponbideak emango dizkien ereduan aurrera egiteko” Udalak duen konpromisoa.

Alkateak, halaber, “proiektu partekatuetan, azpiegituretan, kalitatezko zerbitzuetan, garapenean eta partaidetzan aurrera egiten jarraitzearen” alde egin du. “Izan ere, badakigu gure herriak hobetzen direnean Gasteiz hobetzen dela”.

Bestalde, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroak (CEA) hitzarmen bat onartu du gaur goizean, erabiltzaile anitzeko auto partekatu edo ‘carsharing’ proiektu pilotu bat abian jartzeko, herritarrek erabiltzea erraztuz. Ibilgailu elektrikoa gidatu nahi duten pertsonek edo erakundeek zerbitzuan alta eman eta erabilera bakoitzaren kostua ordaindu beharko dute.

KarKarCar kontsumo kooperatiba arduratuko da zerbitzua kudeatzeaz (aplikazioa, altak/bajak, erabileren kontrola, fakturazioa, saldoak, kobrantzak…), zerbitzuaren funtzionamendu egokiaz (asegurua, mantentze-lanak…) eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean, urtebetez, zerbitzua hedatzeaz eta sustatzeaz.

Lankidetza horren helburu nagusia partekatutako auto eredu bat abian jartzea da, mugikortasun jasangarriagoa lortzen laguntzeko eta abantaila ugari izateko, hala nola ibilgailu pribatu bat edukitzearekin lotutako kostuak txikitzea eta automobilen parkea murriztea. Horren ondorioz inbertsio gutxiago egin beharko da bide azpiegituran eta aparkalekuetan.