Gasteizko Udalak emisio gutxiko eremuari buruzko informazioa herritarrei emateko gune berria irekiko du ostegunean, maiatzaren 15ean, Erdi Aroko hirigunean, Pintore kaleko 45 zenbakian, 21 Zabalgunea udal sozietateak Erdi Aroko hiriguneko Auzo Arretarako Bulegoa duen lekuan, hain zuzen ere.
Zerbitzuaren bidez, Gasteizko Udalak "prozesu garden eta parte hartzailearekiko konpromisoa" indartu nahi du, eta herritarrei laguntza eskaini "gure herritartasunerako hain garrantzitsua izango den aldaketa horretan".
Emisio gutxiko eremuarekin lotutako galdera guztiei erantzuteko berariazko prestakuntza duten langileak izango dira bulegoan, eta arreta eskainiko dute astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara, irailaren amaierara arte.
Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziak adierazi duenez, "emisio gutxiko eremuaren ordenantzan lanean hasi ginenetik esan genuen prozesu gardena izan behar zuela, informazio eta hurbiltasun handikoa".
"Badakigu aldaketa guztiek zalantzak, galderak era ziurgabetasuna sortzen dituztela, eta, udal gisa, informazio argia eta eskuragarria emateko beharrezkoak diren mekanismo guztiak aktibatzeko ardura dugu. Bulego hau, hain zuzen ere, espiritu horrekin sortu da: herritarren ondoan egotea eta haien kezkak argitzea", azaldu du.
Gasteizko emisio gutxiko eremua irailaren 15ean sartuko da indarrean, eta hiriaren mugikortasun ereduaren eraldaketa ekarriko du, airearen kalitatea hobetzeko, emisio kutsatzaileak murrizteko eta ingurune osasungarriago eta bizigarriagorantz aurrera egiteko.
Pintore kaleko gune berriaz gain, gizarte etxe guztietako langileek ere eremuari buruzko informazio orokorra eskainiko dute. Hala ere, gai espezifikoagoak edo teknikoagoak ebazteko, ostegunean inauguratuko den bulegora zuzenean joatea gomendatu dute.