Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Vitoria-Gasteiz Araba Film Comission martxan jartzeko. Tokiko eta nazioarteko ikus-entzunezko ekoiztetxeen kudeaketak errazteko zerbitzua izango da, eta hiriburuan zein lurralde osoan kokapenik onenak aurkitzen lagunduko die.

Santa Maria Katedralean egin dute hitzarmena sinatzeko ekitaldia, astelehen honetan. Ondare balio handiko eraikina da, eta hainbat ekoiztetxeren interesa piztu du bertan beren film luze batzuetarako eszenak filmatzeko. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eman dute akordioaren berri.

Azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen sektoreak Araban eta Gasteizen izandako gorakadak eta sendotzeak eragin du hitzarmena, bai eta lurraldean bideratutako ikus-entzunezko ekoizpenen kopuruaren "hazkunde nabarmenak" ere.

Hori dela eta, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak "beharrezko" ikusi dute lankidetza mekanismoak martxan jartzea, bi erakundeen helburuei "erantzun eraginkorragoa" eman ahal izateko.

Akordioaren lehentasunezko helburuak dira Gasteiz eta Arabako ikus-entzunezko proiektuak filmatzeko eta horien garapena errazteko gune gisa sustatzea eta bultzatzea eta tokiko zinemagintza eta ikus-entzunezkoen sektore osoa indartzea.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, "helburua da sektoreak Araban duen jarduera modu esponentzialean handitzea. Jakina, filmaketak eta ikus-entzunezko proiektuak ugaritu nahi ditugu, baina gure helburua Araban ikus-entzunezko industria indartsua sortzea da".

"Helburu hori Aldundiaren politika ekonomikoaren barruan kokatzen da, eta gure sektore tradizionalak indartzea du helburu, baina baita etorkizuneko jarduera berriak dibertsifikatzea eta bultzatzea ere", zehaztu du.

Bestalde, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak bere taldeak ildo horretan egindako lana nabarmendu nahi izan du: "Udalak 14 urte baino gehiago daramatza ikus-entzunezkoen sektorearekin batera lanean, Vitoria-Gasteiz Film Office erakundearen bidez. Zerbitzu publiko eta doakoa da, lurraldeko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea helburu duena".

"Horretarako, era guztietako ikus-entzunezko produktuak erakartzen ditu eta arreta integrala eskaintzen die. Era berean, sektore hori bultzatzen dugu hainbat laguntza lerrorekin, ekitaldiak babestuz eta sektoreko eragileekin hitzarmenak formalizatuz", azaldu du.