San Silvestre lasterketa herrikoia izango da urtero bezala Gasteizen abenduaren 31n, eta 2.500 lagunek hartuko dute parte. Lasterketaren 40. edizioa 12:30ean hasiko da eta iazko ibilbide berbera izango du, 5,9 kilometroko distantziarekin, erdigunea zeharkatuz eta irteera eta helmuga Mendizabaleko aparkalekuan daudela.

Urteko azken lasterketari eta Maratoi Erdiari buruzko xehetasunak azaldu dituzte ostegun honetan egindako prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzi Ana Lopez de Uraldek, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Maratoi Erdiaren arduradun Mikel Garciak.

Bada, San Silvestre lasterketa Mendizabaleko aparkalekutik abiatuko da. Ondoren, korrikalariek Lasarteko Atea, Elvira Zulueta, Gaztelako Atea, Ramon y Cajal, Manuel Iradier, Dato, San Prudentzio, San Antonio eta Florida kaleak gurutzatuko dituzte eta Ramon y Cajal kaletik itzuliko dira berriro ere, Micaela Portillara. Handik, Gasteiz hiribidea gurutzatuko dute Tomas Zumarraga Dohatsua kaleraino, eta toki horretan buelta emango dute Gasteiz hiribidetik Mendizabaleko helmugara iristeko.

Lopez de Uraldek parte hartzeko deia egin du: "Parekorik ez duen lasterketa da. Helburua da giro onaz eta ibilbideaz gozatzea, markak albo batera utzita. Hala, oinez edo korrika egin daiteke. Adiskidetasuna, taldeko lana, elkartasuna eta ahalegina bultzatzen ditu eta, hain zuzen ere, Kirol Zerbitzutik bultzatu nahi ditugun balioak dira horiek".

San Silvestre lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 16tik 28ra bitarte eman beharko dute izena lasterketaren webgunean. Izen-emateen prezioa 5 euro izango da helduentzat, eta 2 euro txikienentzat. Bildutako diruaren zati bat Minbiziaren aurkako Arabako elkartera bideratuko da.

Guztira, helduentzat 2.500 dortsal egongo dira, eta lasterketa txikirako 800. Txikien lasterketa 11:45ean hasiko da, eta hori ere Mendizabalako aparkalekutik abiatuko da. Dortsal bilketa abenduaren 29 eta 30ean eginog da Beti Jai pilotalekuetan.