Gasteizko Udaleko Gizarte Politika Sailak adinekoentzako 70 jantoki plaza berri egokituko ditu datozen hilabeteetan Sansomendi eta Arana BIZAN zentroetan. Udal gobernuak EH Bildurekin adostu duen aurrekontu hitzarmenari esker, jantoki berria zabaldu ahal izango da Sansomendin eta Aranan espazio handiagoa egokituko da jankide gehiago hartzeko, Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak eta Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak astearte honetan iragarri dutenez.

Zehazki, Sansomendiko proiektuan jantoki bat egokituko dute auzoko BIZAN zentroan, gaur egun ez duelako. Zerbitzu berriak 50 plazako edukiera izango du, eta horretarako sukalondoa erreformatu beharko da, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusitik datozen jakiei azken ukitua eman ahal izateko.

Proiektua 33.518 euro euroan dago baloratuta eta igeltserotzako, arotzeriako, iturgintzako eta saneamenduko lanak egiteko eta lurrunak erauzteko sistema instalatzeko hilabete beharko da. Halaber, ia 10.000 euro inbertituko dira altzaritan, makinetan eta sukalderako tresnerian.

Bestalde, BIZAN Aranako proiektuaren helburua da egungo 50 plazetatik 70era igarotzea. Horretarako, obrak egin behar dira egungo sukalondoan, mahaikide gehiago hartu ahal izateko.

Hortaz, edukiera handiagoa duten etxetresna elektrikoak erosi beharko dira (hozkailua, labea eta lurrunak erauzteko sistema), bai eta altzari batzuk aldatu eta iturgintzako, saneamenduko, arotzeriako, igeltserotzako eta pinturako obra txikiak egin ere. Obrak, altzariak, makinak, sukalderako tresnak eta itxita dagoen egunetarako janariaren hornikuntzak ordaintzeko 83.000 euroko inbertsioa egingo da.

Obrak lizitatu dira dagoeneko eta aurreikuspena da 2025eko hasieran ekitea. Lanek dirauten bi edo hiru asteetan jantokia itxita egongo denez, egungo erabiltzaileek jantoki sistema alternatiboa izango dute.