Gasteizko Udalak hiriko espazio publikoan kokatuta dauden 106 eskulturak jasotzen dituen mapa interaktiboa estreinatu du GeoVitorian (https://www.vitoria-gasteiz.org/geovitoria/geo). Kultura eta Turismo zerbitzuek Edukien Unitatearekin lankidetzan jardun dute egitasmoan, eta datorren astean txertatuko da sarbide zuzena GeoVitoria-Gasteizek duen 'Turismo' menuan.

Eskulturak geolokalizatzeaz gain, Vitoria-Gasteizko kaleetako eskulturak liburutik ateratako argazkiak eta informazioa biltzen ditu mapak (argitalpena hiriko kaleetan kokatutako lan eskultorikoaren katalogo-inbentarioa da).

Artelanak ezagutaraztea eta eskulturen inbentario bat egitea du helburu tresna berriak, eta obra bakoitzaren eta inguruaren argazkiak, testurak, fitxa teknikoa eta kokapen planoa biltzen ditu. Egungo liburua izenburu bereko jatorrizko lanaren berrargitalpena da; Montehermoso Kulturuneak zuzendu eta argitaratu zuen ordukoa 2022an.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "Gasteizko kaleetan arte arloko bitxiak topa ditzakegu, eta tresna honek aukera ematen du horiek deskubritzeko, hirian zehar ibiltzeko, eta gure kaleetako eskulturak ezagutzen joateko, haiei buruz ikasten dugun bitartean".

Era berean, Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak nabarmendu du mapa berria "baliabide turistiko bat gehiago" dela hiria bisitatzen dutenentzat. "Gure gastronomia bikainaz eta gure natura pribilegiatuaz gain, ondarea da gure erakargarritasun nagusietako bat. Eta, orain, ondare hori sakonago ezagutzeko aukera dugu gure gailu mugikorren laguntzarekin", gaineratu du.