Gasteizko Udal Liburutegien Sareak Liburuak Trukatzeko XIV. Azoka antolatu du urriaren 19rako eta 20rako, hilaren 24an ospatuko den Liburutegien Eguna dela eta, eta Iradier Arena liburuz eta ipuinez beteko da, trukatzeko zain.

Aurreko edizioan bezala, 2000. urtetik aurrerako argitalpenak bakarrik onartuko dira, liburuen kalitatea eta gaurkotasuna hobetzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez bost truke egin ahal izango ditu.

Bestalde, ez dira onartuko testu liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, egoera txarrean daudenak, bidaia gidak, aldizkariak, entziklopediak eta solteko liburukiak.

Herritarrek ekartzen dituzten liburuak beste 5.000 liburu baino gehiagorekin osatuko ditu Gasteizko Udal Liburutegi Sareak, eskaintza anitzagoa izan dadin.

"Truke Azoka liburu trukeak baino askoz gehiago da, literaturari eta irakurzaletasuna sustatzeari eskainitako asteburua izateaz gain, tailer, musika eta ipuin kontalariez familian gozatzeko unea ere bada eta. Hau da, gure liburutegia berritzeko aukera emateaz gain, liburuez eta istorioez gozatu ahal izateko astebururako plana ere eskaintzen digu", adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Azoka goizez eta arratsaldez egongo da zabalik urriaren 19an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, hain zuzen; urriaren 20an, berriz, goizez bakarrik irekiko da, 11:00etatik 14:00etara, ondorioztatu dutenez.