Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Zaramaga auzoko espazio publikoan aisialdi partekatua eta osasungarria sustatuko duen 'Zaramaga mugituz' 2026rako programaren ekintzen kontratazioa onetsi du, inbertsio estrategikoen plan instituzionalaren baitan.
Aurreikuspenen arabera, 2026ko otsailetik urrira bitartean hainbat publikori zuzendutako kultur eta kirol jarduerak, tailerrak eta azokak izango dira auzoko kaloeetan. Elkarte, haur, gazte, adineko, migratzaile, familia, merkataritza eta ostalaritzari zuzendutako ekintzak izango dira. 220.000 euroko inbertsioa aurreikusi da, jarduera guztiak doakoak izango baitira.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak azaldu duenez, "Zaramagako Inbertsioetarako Plana gizartearen ikuspegitik suspertzeko ardatzak auzoko bizilagunen eskutik etorriko diren hainbat jarduera aurreikusten ditu, lan komunitarioa aktibatzeko".
"'Zaramaga mugituz', zehazki, pertsona guztientzako espazio publikoa sustatzeko, aisialdi partekatu eta osasungarria bultzatzeko eta belaunaldien arteko harremanak indartzeko helburuarekin sortu da. Eta hori guztia kulturaren eta kirolaren esparruetatik, garapen ekonomiko eta sozialerako motor gisa", zehaztu du.
PROGRAMA
Programa gauzatzeko partaidetza prozesu bat egin zen elkarteekin, eragileekin, merkataritzako eta ostalaritzako sektorearekin eta norbanakoekin, eta egin beharreko ekintza motak zehaztu ziren. Horren ondorioz, kultur, gizarte eta kirol ekintzak, merkatuak eta topaketa eta bizikidetza jarduerak antolatuko dira, espazio publikoaren erabilera sustatzeko.
"Auzoko bizitza dinamizatu nahi dugu, beste eremu batzuetako pertsonak ere erakarriko dituzten eta birgaitu berri diren espazioei balioa emango dieten ekintzen bidez"
"Auzoko bizitza dinamizatu nahi dugu, beste eremu batzuetako pertsonak ere erakarriko dituzten eta birgaitu berri diren espazioei balioa emango dieten ekintzen bidez. Helburua horiek erabiltzeko ohitura sustatzea da, betiere topaleku, bizikidetza eta aisialdirako leku gisa", gaineratu du Fernandez de Landak.
Helburua ez da soilik jarduerak antolatzea, programa amaitu ondoren finkatu eta garatzen jarraitzea baizik, bai eta ekintza guztiak inklusiboak eta irisgarriak izatea ere.