Gasteizko Udalaren ordezkaritza bat Danimarkako Aalborg hirian dago, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko X. Europako Konferentzian parte hartzeko. Hitzorduaren antolatzailea ICLEI sarea da (jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sarea), zeinaren Batzorde Exekutiboko kide baita Maider Etxebarria alkatea.

Aalborg aukeratu da topaketan egoitza izateko, Aalborgeko Gutuna sinatu zeneko 30. urteurrena dela eta. Hain zuzen, gutun horren bidez hasi zen Europako hiri jasangarrien mugimendua eta tokiko kontsulta mugimenduak, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Orain, hiru hamarkadaz indarrean egon ondoren, beste dokumentu bat aurkeztu da, 'Aalborg Conditions' izenekoa, eta Gasteizko Udalak atxikimendua eman dio. Aurten adostu eta idatzi da behin betiko edukia, eta udalaren ekarpenak izan ditu.

Europako tokiko gobernuek proposamena luzatu nahi diete estatuetako gobernuei eta Europako erakundeei tokiko gobernuekin benetako lankidetza ezartzeko, eta hala, eraldaketa elkarrekin gauzatzeko baldintzak jartzeko.

Aalborgeko jardunaldietan, Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kideek eztabaida mahaietan eta ponentzietan parte hartuko dute, klima neutraltasunerako maila anitzeko gobernantzaz eta tokiko ekonomia zirkularraren garrantziaz aritzeko, eta Europako goi mailako hizlariekin partekatuko dituzte espazioak.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jarraitzen duen ildoari esker, Gasteiz erreferente bihurtu da Europan eta mundu mailan ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloan. Horrek hainbat mugarri ekarri ditu, hala nola Eraztun Berdea sortzea eta 2012. urtean Europako Hiriburu Berde izendatzea.

Gaur egun, 2030erako Hiri Neutroen Europako Misioan hartutako konpromisoak garatzen ari da Gasteiz, Europako Batzordeak 2023an Hiriko Klima Akordioa onartu ondoren sortuak. Ekintza horiek guztiek helburu dute hurrengo hamarkadetan hiriek izango duten erronkarik handienari heltzea: ekintza klimatikoa.