Gasteizko Udaleko Gizarte Politika Sailak irailaren 23an irekiko du Pilar auzoko BIZAN zentorko jantokia, 48 plazarekin, eta horrela, adinekoentzako eskaintza orokorra 742 lagunentzako izango da hirian. Zentroa sarera gehituta, ezaugarri horiek dituen 14. zerbitzua izango da, horietatik 11 BIZANen eta hiru adinekoei arreta emateko beste gune batzuetan.
Gasteizko Udalak duela 40 urte zabaldu zuen adinekoentzako lehen jantokia orduko San Prudentzio egoitzan. Ordutik, sarea hiri osoan zehar zabaldu da eta Pilar auzoaren txanda iritsi da oraingoan. Horretarako, espazioak berregokitu eta zerbitzu batzuk berriro banatu behar izan dituzte Venezuela kaleko 9 zenbakian dagoen BIZANeko lokalean. Lanak 102.266 euroren truke esleitu zituzten eta zenbateko horri altzariak eta makinak erostearen 36.776 euroko kostua gehitu zaio.
Adinekoentzako gainerako udal jantokietan gertatzen den moduan, janaria San Prudentzio ALZIko sukalde nagusian prestatuko dute. Ondoren, janaria Pilarreko instalazioetara iristen denean, office-an berotu eta erabiltzaileei zerbitzatuko zaie. Lehenengo eta behin, auzoan bizi diren eta orain arte beste BIZAN zentro batzuetako jantokiko baliabidea erabiltzen dutenei eskaini zaie jantokira joateko aukera eta, egoera horretan dauden 32 lagunetatik, 19k erabaki dute aldaketa hori egitea. Venezuela kalera otordua egitera joango diren gainerako pertsonak itxarote zerrendan zeuden eta aukera hori eskaini zaie.
Gizarte Politika Saileko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok adinekoentzako udal jantokietan egiten duten lan garrantzitsua nabarmendu du: "Jatera joateak, behar biologiko bat asetzeaz gain, beste abantaila batzuk ere baditu. Pertsona horien arteko harremanak ugaritzen dira, eta erabilgarri dituzten zerbitzuei eta jarduerei buruzko informazio gehiago eskuratzen dute. Gainera, etxetik ateratzeko arrazoi bat gehiago izaten dute eta independentzia eta autonomia bultzatzen dira".
"Horrez gain, etxean jatea baino merkeagoa izaten da, familiak lasaiago daude eta jasotzen duten elikadura orekatuagoa eta egokiagoa izaten da. Gainera, sei dieta mota eskaintzen dira. Horrek guztiak beren etxeetan bizitzen jarraitzen laguntzen die, komunitatean integratuago daude eta babes handiagoa izaten dute. Hitz gutxitan esanda, haien bizi kalitatea hobetzen du zerbitzuak", azaldu du.