Vitoria-Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, hiriko Urrezko Domina eman dio Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroari “askatasuna, giza eskubideak eta balio demokratikoak eta etikoak defendatzen” egindako lanagatik. Udalak, zentroa eratu zenetik, erakusketa-gunearekin izan duen “harreman estua” ere nabarmendu nahi izan du alkateak, eta Memorialak antolatutako ekimenak balioetsi ditu, hala nola erakusketak, bisitak eta dibulgazio-ekitaldiak. Ekimen horiek “gizarteari irekitako proiektua indartu dute, eta dagoeneko 85.000 lagunek bisitatu dute; horietatik % 60 Euskaditik kanpokoak dira”. Florencio Domínguez Memorialaren zuzendariak jaso du saria.
Sari-banaketa, tradizio bihurtu den moduan, Andre Maria Zuriaren egunean, hiriko jaietako egun handian, egin da. Dena den, aurten, berrikuntza gisa, ekitaldia udaletxetik kanpo egin da, zehazki Goiuri Jauregian (2010az geroztik ez zen hala egiten). Susana Crisóstomo Barne Gaietarako idazkariordea, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Irma Basterra Batzar Nagusietako presidentea, Udaleko talde politikoetako zinegotziak eta Gasteizko eta Arabako gizarteko hainbat ordezkari izan dira ekitaldian.
Maider Etxebarriak eskainitako hitzaldian “Memorialaren eragin sozial eta akademikoa” azpimarratu du, “funtsezkoa” izan baita Gasteiz Nazio Batuek eta Espainiako gobernuak antolatutako Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzia hartzeko aukeratua izan dadin. Aipatutako egitasmoa urriaren 8an eta 9an egingo da Arabako hiriburuan. Topaketa horri esker, Gasteiz balio demokratikoen defentsaren, biktimenganako babesaren eta terrorismoaren aurkako borrokaren “mundu mailako erreferentzia” bihurtuko da.