Gobernu Irekirako Aliantzaren Munduko Goi Bileraren bederatzigarren edizioa Gasteizen izango da 2025eko udazkenean eta 70 herrialdetako 2.000 aditu eta gobernu lider baino gehiago bilduko ditu. Modu honetan, 2023an Estoniako hiriburu Tallinnen egindako topaketaren lekukoa hartuko du Arabako hiriburuak.

"Berriro ere, Gasteiz topaketa eta hitzaldi handien mapan kokatuko dugu, eta, gainera, nazioarteko dimentsioarekin", adierazi du asteazken honetan Maider Etxebarria alkateak, Gasteiz aukeratu dutela baieztatu ondoren.

Etxebarriak eskerrak eman dizkie "Espainiako Gobernuari eta Pedro Sanchez presidenteari, 2025eko Gobernu Irekirako Aliantzaren Munduko Goi Bilera hartzeko Gasteizen jarritako konfiantzagatik". Izan ere, Sanchezek iragarri du Espainiako Kongresuan egindako saioan Arabako hiriburua hautatu dutela hitzordu horretarako.

Gobernu Irekirako Aliantza alde anitzeko ekimena da. Bere helburua da gobernuen konpromiso zehatzak ziurtatzea gardentasuna sustatzeko, herritarrak gaitzeko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta gobernagarritasuna indartzeko teknologia berriak aprobetxatzeko.

Gaur egun, aliantzak 75 herrialde eta 104 tokiko gobernu (2.000 milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen dituzte), eta gizarte zibileko milaka erakunde biltzen ditu, gobernu irekiarekin lotutako beharrak eraginkortasunez eta modu ekitatiboan hobetzeko trukerako eta ikaskuntzarako gune gisa.

Gobernu Irekirako Aliantzaren Zuzendaritza Batzordearen buru Espainiako Estatua izango da urritik, eta presidentetzak dituen eginbeharren artean dago 2025ean Munduko Konferentzia antolatzea.