Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Basque Culinary Centerrekin eta EDA Drinks & Wine Campus Fundazioarekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du ostiral honetan, beren proiektua Arabako hiriburuan garatzeko.
Gasteizko Udalak nabarmendu du EDA Drinks & Wine Campus proiektua "interes berezikoa" da hiriarentzat, bere "garapen ekonomiko, sozial eta enplegu sustapenari egiten dion ekarpena dela eta".
Luzatu daitekeen lau urteko indarraldia izango duen lankidetza hitzarmena berrestea "bide horretan emandako beste urrats bat" da. Izan ere, Lakua auzoan dagoen Euskaltzaindia plazako lursailean Basque Culinary Centerren etorkizuneko zentroa ezartzeko asmoen protokoloa sinatu zuten bi aldeek joan den otsailean.
Lankidetza hitzarmena sinatuta, campusa eraikiko den Euskaltzaindia plazako lursailean 75 urtez EDA Drinks & Wine Campus Fundazioaren aldeko azalera eskubidea eraikitzeko konpromisoa hartu du bere gain Gasteizko Udalak.
Bestalde, EDA Drinks & Wine Campus Fundazioak bere gain hartu du Gasteizko Udala patrono izendatzeko betebeharra. Aldi berean, Gasteizko Udalak Basque Culinary Centerren jarduera sustatzen lagundu beharko du hirian abian jarritako proiektu eta ekimenetan.
Gasteizko Udalak campusaren jarduerak, proiektuak eta ekimenak garatzen lagunduko du, urtean 500.000 euroko ekarpen ekonomikoa eginez. Horretarako, konpromiso kreditu baten onespena izapidetuko da, datozen lau urteetarako bi milioi euroko aurrekontu-zuzkidura bermatuko duena. EDA Drinks & Wine Campusak, berriz, Gasteizko Udalari eraikinaren erabileragatik kanon bat ordaintzeko konpromisoa hartu du.
Etorkizunean prestakuntzako eta berrikuntzako zentro bihurtuko den eraikina Gasteizko Udalaren jabetzakoa den 8.610 metro koadroko lursail batean kokatuko da. Bertan, Donostia eta Rafael Alberti kaleen artean, 4.000 metro koadroko eraikin berri bat egingo dute.
Eraikina egiteko lehiaketarako deia egin da, eta arkitekto ospetsuen 31 estudio bildu dira, beren proposamenak aurkeztuz. Prozesua azken txanpan dago, eta EDA Drinks & Wine Campusen Gasteizko egoitza eraikitzeko ardura jasoko duen estudioa hiru hautagairen artean aukeratuko da: Carvalho Araújo estudioa, Barozzi Veiga eta Orza Paisajismo, eta Zaha Hadid.