Gaur goizean egin dute ekainaren 9an egingo diren hauteskundeetarako mahaietarako presidenteak eta kideak izendatzeko zozketa. Zozketan izan dira Sonia Díaz de Corcuera, Administrazioa Modernizatzeko zinegotzia; Martín Gartziandia, idazkari nagusia, eta Martín Gartziandia, idazkari nagusia.
Zozketarako, Estatistikako Institutu Nazionalaren programa erabili da eta mahaiko postu bakoitzerako titular bat eta bi ordezko hautatu dira: presidentea eta bi kide. Gainera, programak beste 12 pertsona aukeratu ditu postuko; hasiera batean aukeratutako pertsonekin postuak bete ezin badira jakinaraziko zaie horiei.
Bihartik, maiatzaren 14tik, 16ra bitartean, mahaiak osatuko dituzten 2.781 pertsonei horren berri emango zaie. Zozketan 145.656 pertsona sartu dira eta haien artetik aukeratu dituzte horiek, kontuan hartuta 70 urtez azpikoak izan behar dutela eta ikasketa mailei dagokienez betekizun batzuk bete behar dituztela.
Oraingoan, hiru saiakeraren ondoren izendapenaren berri eman ezin izan zaien pertsonei abisua utziko zaie postontzian jakinarazpenak jaso ditzaten. Horretarako, udaletxera joan beharko dute ostiralean, 17:00etatik 21:00etara, larunbatean, goizez, 10:00etatik 14:00etara, edo arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Jakinarazpena jasotzeko, NANarekin batera abisua aurkeztu beharko dute.
Udalak ez ditu zozketaren emaitzak argitaratuko herritarren datu pertsonalen isilpekotasuna babesteko. Edonola ere, hautatuak izan ote diren jakin nahi duten interesdunek Herritarren Arretarako edozein Bulegotan kontsultatu ahal izango dute maiatzaren 14tik 16ra. Titularrak eta bi ordezkoak soilik kontsultatu ahal izango dira, hau da, ezin izango da jakin erreserban dauden 12 pertsona horiek zein diren.
Horrez gain, 36 lokal eta 309 hauteskunde-mahai izendatu dira.