Ariznabarra auzoan pintada bandalikoak ezabatzeko Etxebarriaren Kabineteak abian jarritako proiektuak Platinozko Erratzaren aitortza jaso du. Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak ingurumenaren alde egindako lanagatik gehien nabarmentzen diren erakundeei ematen dien sari nagusia da Platinozko Erratza. “Sari garrantzitsu hau lortzeak Ariznabarrako kaleetan Vitoria-Gasteizko garbitasunari eta irudiari eragiten dieten baimendu gabeko pintadekin amaitzeko helburuarekin abian jarritako ekimena balioztatzea eta babestea dakar“, azaldu du Maider Etxebarriak prentsaurrekoan.
Aurtengo Platinozko Erratza lortzeko ebazpenean, epaimahaiaren erabakiak Grafitiko Bulego Birtualaren (GBB) lana aitortu du. “Hiri osoa mapatu da pintada guztiak eta egileak identifikatzeko. Gainera, egileekin bitartekari-lanak egin dituzte berriro ez pintatzeko konpromisoa har dezaten eta, prebentzio-lana egin ondoren, grafiti horiek garbitzeari ekin diezaioten”, azpimarratu du.
Aitorpena asteazkenean, ekainaren 19an, emango da Madrilgo IFEMA esparruan, Turismo eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokaren barruan.
Ariznabarran baimendu gabeko pintada bandalikoak ezabatzeko programa Gasteizko alkateak iragarri zuen Gobernu Programaren azken Eztabaidan eta “joan den urrian hasi zen. Horri esker, pixkanaka, gero eta espazio garbi gehiago lortu eta 696 grafiti kendu eta auzoko 1.332 metro koadroko guztizko azalera garbitu dugu”, zehaztu du Etxebarriak.
Ariznabarra auzoan lehen aldiz abian jarritako garbiketa taktikoak Grafitiaren Bulego Birtualaren (GBB) funtzionamenduari lotuta daude. Horien helburua da legez kontrako pintadak kudeatzeko eskuragarri dauden baliabide guztiak bateratzea, horiek kontrolatu eta ezabatu ahal izateko tresna arina eta eraginkorra eskainita.