Gasteizko haur eskola publikoek 1.401 toki eskainiko dituzte 2024-2025 ikasturtean, 379 udalekoak eta gainerakoak Haurreskolak Partzuergokoak, eta izena emateko epea apirilaren 22an zabalduko da. Udaleko plazen kasuan, 0 eta 3 urte bitarteko haurrek eman ahal izango dute izena, eta Haurreskolak Partzuergokoetan 0 eta 2 urte bitartekoek. 0 urteko 296 leku, urtebeteko 953 eta 2 urteko 162 egongo dira guztira.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Hezkuntza zinegotziak asteazken honetan egindako agerraldian adierazi duenez, "umeen funtsezko eskubide gisa hezkuntza eta funtzio ludikoa oinarri dituen hezkuntza proiektuaren aldeko apustua egiten dute haur eskola publikoek".

"Horretarako, haurren behar fisikoei, afektiboei eta emozionalei espezifikoki erantzuteko beharra dute abiapuntu. Halaber, familiekin batera, haurren pertsonalitatearen garapen harmonikoa sustatu nahi dute, ikuspegi afektibotik, intelektualetik, sozialetik eta kulturaletik", azaldu du.

Gainera, datorren ikasturtea izango da haur eskolen doakotasuna finkatzeko urtea, eta familiek jangela zerbitzua soilik ordaindu beharko dute udaleko eskoletan: 33,90 euro hilean.

Halaber, 'Jangela ekologikoak' proiektua izango da abian. Bere xedea da menu osasungarri eta jasangarria eskaintzea, osagai ekologiko, sasoiko eta 0 kilometroko askorekin osatua. Gainera, menu guztiak eskoletako sukaldeetan bertan egiten dituzte udaleko sukaldeko langileek (Haurreskolak Partzuergoko eskoletan familiek eramaten dute janaria).

Eskolak 2024ko irailean hasi eta 2025eko uztailean amaituko dira, eta hiru ordutegi izango dira eskuragarri: goizez bakarrik, goiz eta arratsaldez, eta arratsaldez bakarrik (azken hori Landaberde haur eskolan izango da, Lakuan, 14:00etatik 19:00etara).

Epeak

Eskaerak eta dokumentazioa emateko epea apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitarte izango da. 2024ko maiatzaren 10 eta 15 artean jaiotako ikasleen kasuan, 2024ko maiatzaren 20ra arte luzatuko da epea.

Maiatzaren 22an argitaratuko da eskatzaileen zerrenda eta izapiderako onartua edo osatu gabea izan den. Azken kasu horretan, falta den nahitaezko dokumentazioa zehaztuko da, eta dokumentazio hori maiatzaren 23tik ekainaren 5era bitarte aurkeztu beharko da. Onartutako ikasleen behin behineko zerrenda eta itxaron zerrenda ekainaren 19an argitaratuko dira, eta uztailaren 1ean behin betiko zerrenda eta itxaron zerrenda.

Ikasturtea 2024ko irailean hasten denean plaza hutsak geratzen badira, familiek hilero eman ahal izango dute izena, hutsuneak hartzeko. Eskaera eta dokumentuak aurrez aurre eman daitezke, aurretiazko hitzorduarekin, San Antonio kaleko edo gizarte etxeetako herritarren arretarako bulegoetan; sarean ere egin daiteke izen-ematea, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, ziurtagiri digitalarekin.

Aurten, lehen aldiz, bideo tutorial bat egin da izena emateko oinarrizko jarraibideekin. Bideoa udal webgunean dago eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesezko, frantsesezko eta arabierazko azpitituluekin, herritar guztiei informazioa eskuratzeko erraztasunak emateko.

Gainera, matrikulazio prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko lau hitzaldi antolatu dira: apirilaren 16an Salburuko gizarte etxeko 3. areto erabileraniztunean euskaraz eta ekitaldi aretoan gaztelaniaz, eta apirilaren 18an Landatxo gizarte etxeko 1. areto erabileraniztunean euskaraz eta ekitaldi aretoan gaztelaniaz. Laurak 18:30ean hasiko dira eta ez da beharrezkoa izena ematea bertaratzeko.