Florida parkeko Eguberrietako izotz-pistan eta txirristan azken urteotako bisita kopurua gainditu da. Izan ere, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra bitarte, 54.930 erabilera izan dira; hau da, 2022ko Gabonetan baino 10.000 erabilera gehiago. Jendearentzat irekita egon den 23 egunetan, izotz artifizialezko txirristatik jaitsi ziren erabiltzaileen proportzioa % 63koa izan da eta 34.738 jaitsiera izan dira, Gasteizko Udaletik azpimarratu zuten bezala.

Aldiz, % 37k izotz-pista erabili dute eta bisita kopurua 20.192koa izan da, erantsi zutenez.

Jarduera handienetako egunei dagokionez

Horrela, eta ildo beretik jarraituz, Gasteizko Udaletik jakinarazi zutenez, jarduera handieneko egunei dagokienez, abenduaren 27a eta 28a, eta urtarrilaren 3a izan ziren txirristan jende gehien ibili zen egunak (egunero, 2.400 jaitsiera izan ziren batez beste). "Izotz-pistan, aldiz, sarrera gehien abenduaren 27, 28 eta 30ean saldu ziren (egunero 1.400 erabilera batez beste) eta errekorra abenduaren 28an hautsi zuten 1.522 bisitarekin", azaldu zuten prentsa-ohar baten bitartez.

"Adineka, izotz-pistako erabiltzaileen 10etik 7k 16 urte baino gutxiago zituzten", gaineratu zuten iturri berberek.

Azkenik, aipatzekoa da, adinekoen pistarako, 5.352 sarrera saldu zituztela, eta txikienen pistarako, aldiz, beste 14.84 sarrera guztira.

Eguberrietako atrakzio horietan ibili ziren gehienek sarrerak aurrez aurre erosi zituzten. Izan ere, Internet bidez 7.601 txartel erosi zituzten, eta 47.329 Florida parkeko leihatilan.