Joan den urtean, Gasteizko Udalak bizikletak aparkatzeko 232 modulu berri instalatu zituen hiriko auzo guztietan. Haietako bakoitzak bi ibilgailutarako edukiera du eta, horrenbestez, 464 plaza berri jarri dituzte. Gaur egun, udalerri osoan zehar 15.412 aparkaleku daude.

 “Gobernu honen helburuetako bat da mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzea. Eta, horretarako, joan-etorriak egiteko bizikletaren alde egiten dutenei lagundu eta gauzak erraztu behar dizkiegu. Garraiobide honen alde egindako apustua da gure lehentasunetako bat. Hori dela eta, beren joan-etorrietarako bizikletaren alde egin duten Europako hirien sailkapeneko lehen postuetan jarraitzeko baliabideak handitzen jarraituko dugu”, azaldu du Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateorde Beatriz Artolazabalek.

Herritarrek eta hiriko kolektiboek Udalari bideratutako beharrei eta Kirol Zerbitzuak egindako eskaerei lotuta daude modulu horiek. “Modulu berri hauekin, 15.000 plaza baino gehiago izango ditugu eta horrek agerian uzten du txirrindularien mugikortasunarekiko gure konpromisoa”, adierazi du Saileko buruak. Era berean, plaza horiei VGBiziz aparkaleku seguruen sarekoak gehitu behar zaizkio (gaur egun, 937 aparkaleku ditu). Laster, kopuru hori beste 45ekin handituko da, Erdi Aroko erdigunean beste bi lonja irekitzen dituztenean.

"Hitz gutxitan esanda, gure helburua da eraikitzen ari garen hiri-eredu jasangarrirantz aurrera egitea eta bizikleta erabiltzen dutenek egiten dizkiguten eskaerei erantzutea”, adierazi du Artolazabalek.