Urtarrilaren 5era arte, Europa jauregia ohikoa baino dezente gazteagoa den publikoak “inbadituko” du. Izan ere, gaur goizean ireki dituzte Haurrentzako Eguberrietako Parkearen ateak. Aurtengo edizioan, generoarekin, arrazarekin, jatorriarekin, kulturarekin edo gaitasunarekin lotutako oztopo posibleak albo batera utzita, haurren berdintasuna sustatzeko neska-mutilen inklusioan jarri nahi izan da arreta nagusia.
"Kokapen berriak arrakasta izan du hasiera batean; izan ere, familiek kokapena, irisgarritasuna, zabaltasuna eta Gasteiztik edo beste toki batzuetatik garraio publikoz iristeko erraztasunak baloratu dituzte. Inaugurazioan, jauregiaren kanpoaldean, Dejlia Taama Musoo Euskadiko emakume afrikarren elkarteak beren musika eta dantza erakustaldia eskaini du".
Aurten, lelo hau aukeratu dute: “Gure Gabonak-Nuestra Navidad”. Parkea 14 urte bitarteko haur guztientzako eskaini nahi da, modu inklusiboan. Eta horretarako, hirian lan egiten duten GKE-en laguntza jasoko dute: Arabako Medicus Mundi, Kolonbia-Euskadi Elkartea, Dejlia Taama Musoo Euskadiko emakume afrikarren elkartea eta ASPACE. Miren Fernández de Landak, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, nabarmendu duenez, garrantzitsua da haurtzarotik berdintasuna erakustea. “Berdinzaleagoa eta bidezkoagoa den gizartea sortzen lagundu nahi dugu eta, horretarako, pertsona gisa garatzen hasten garen unetik ekin behar diogu lan horri. Frogatuta dago jolasa tresna bikaina dela adin horietan helburu hori lortzeko”.
Parkea goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 20:30era, egongo da zabalik, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, goizeko txanda bakarrik egongo baita. Urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Txanda bakoitzean 1.500 lagunentzako tokia egongo da (3.000 egunean).