Síguenos en redes sociales:

Zaramaga biziberritzeko planak arrakastaz amaitu du bakarrik dauden pertsonei laguntzeko

Zaramaga biziberritzeko planak arrakastaz amaitu du bakarrik dauden pertsonei laguntzekoUtzita

Zaramaga biziberritzeko planak alderdi sozial eta komunitario garrantzitsua du, eta horren erakusgarri da “Eman bizia urteei!” programaren lehen fasea, nahi gabeko bakardadean dauden auzoko pertsonei laguntzea helburu duena. Aurreikuspenen arabera, profil desberdineko pertsonekin bigarren fasea jarriko da martxan datozen hilabeteetan, komunitatean parte hartzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

“Eman bizia urteei!” programa sozio-komunitarioa da, eta azken hilabeteetan hamabi eta hogei pertsona arteko talde bati arreta eman dio asteroko saioetan. Haiekin lan egin da Zaramagan dauden baliabideak ezagutarazteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko informazioa eta prestakuntza eskaintzeko. Programa egokitu eta definitu egin da bertan parte hartu dutenen profilaren arabera. Kudeaketa Iparralde gizarte-etxeko Osasun Sarearen ardura izan da, eta inguruko hainbat taldek eta teknikariek parte hartu dute. Iparraldeko sare sozio-komunitarioa Zaramaga eta Aranbizkarra I osasun-zentroek, Zaramagako eta Aranbizkarrako BIZANek, Solidaridad enfermera GKEak, Osasun Publikoko Udal Zerbitzuak, Caritas Nortek, Emakume Boluntarioen elkarteak eta Iparralde gizarte-etxeak osatzen dute.

Nahi ez den bakardadeari aurre egiten laguntzeko, diziplina anitzeko talde batek hainbat jarraibide eman dizkie parte-hartzaileei: elikadura osasungarria, ariketa arina, osasun-zainketak, emozioen kudeaketa positiboa eta informazioa, herritarrei arreta emateko udal-bulego batean zer izapide egin daitezkeen jakiteko edo iruzurrak edo lapurretak prebenitzeko. “Ikuspegi oso desberdinetatik jorratzearen helburua da bakarrik dauden pertsonak etxetik ateratzera animatzea, adiskidetasun-giroan beste pertsona batzuekin harremanetan jartzea eta inguruan eskura dituzten mota guztietako baliabideak ezagutzea. Haien bizi-kalitatea hobetzea da helburua “, azaldu du Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.

Zinegotzia taldearekin batera joan zen atzo lehen fase honetako azken saiora, eta ebaluazio bat egiteko balio izan zuen. Fernandez de Landak gizarte-etxeak eskaintzen dizkien jarduera guztietan parte hartzen jarraitzera animatu zituen “hazten jarraitu behar delako, pertsona bakoitzaren adina eta zirkunstantziak alde batera utzita. Gustu guztietarako ikastaroak daude, eta ziur denok aurki ditzakegula gustuko ditugunak”.