Akuiferoen lehortearekiko erresilientzia hobetzeko urrats berriak
Tresna eskuragarri dago araba.eus webgunean, eta lurpeko ur erreserben egungo egoeraren balorazio kuantifikatua eskaintzen du
Foru Aldundiak Arabako ur aprobetxamenduen lehortearekiko erresilientzia hobetzen lagunduko duen plataforma digital bat aurkeztu du, Gasteizko Kultura Etxean. Tresnak lurpeko ur erreserben egungo egoeraren balorazio kuantifikatua eskaintzen du, eta ura kudeatzen duten erakundeei eta ureztatzaileen elkarteei ezagutzera eman zaie. Plataforma hori eskuragarri dago araba.eus webgunean.
Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, "klima aldaketaren gaur egungo testuinguruan, teknologia hau, zeinak adimen artifizialean oinarritutako eredu bat erabiltzen baitu, aurrerapen handia da, eta aliatu handia ur baliabideen erabilera optimizatzeko".
Bildutako datuek urritasun indizea zehazten dute. Urritasun indizea da administrazio hidraulikoek egindako adierazle bat, eta erreserba hidrikoen egoerak lau egoeratan sailkatzen ditu: normala, aurrealerta, alerta eta larrialdia. Helburua da ura kudeatzen duten erakundeei sistema bat ematea, lurpeko erreserba hidrikoen egungo egoera ezagutzeko eta lehorteei edo eskasia aldiei aurrea hartzeko.
Plataformak barnean hartzen ditu Arabako Foru Sare Hidrometrikoak emandako datuak, zundaketa piezometriko automatizatuen datuak hartzeko 13 punturen, ur emaria neurtzeko 11 estazioren eta estazio hidrometeorologiko baten bidez lortutakoak, bai eta eskuzko kontroleko 45 zundaketa piezometrikoren bidez bildutakoak ere. Haietako askok hainbat hamarkadako serie historikoak dituzte jada, eta beste erakunde batzuek (AEMET, Euskalmet, SAIH edo URA) emandako informazio garrantzitsua ere badute. Datu horiek hodeira bidaltzen dira, eta, han, adimen artifizialean oinarritutako ikaskuntza automatikoko algoritmoen bidez ustiatzen dira, epe laburrean (sei hilabete arte) lurpeko uraren eskasia indizearen simulazioak egiteko.
Aurreikuspenak akuifero sektore bakoitzeko zenbait piezometrotan oinarrituta egiten dira. Piezometro horiek, funtsean, akuiferoko baliabideen eta erreserben bilakaera ondoen adierazten dutelako hautatzen dira. Hautaketa hori egiteko, gakoa izan da piezometriako serie historiko behar bezain luzeak izatea, haien adierazgarritasunaren analisia egiteko, zenbait irizpide kontuan hartuta, hala nola betetze eta huste zikloekiko sentikortasuna eta ekarpenen urte arteko joeren isla.
Horrela, erakundeek bi ikuspegi osagarri izango dituzte arrisku hidrikoa ebaluatzeko. Lehenengoa erreserben egungo egoera ezagutzea da, "denbora errealean" ebaluatuta, eskasia indizearen bidez. Horrez gain, egoera meteorologiko txarra izanez gero (lehorte meteorologikoa), plataformak hurrengo hilabeteetako erreserben bilakaeraren simulazioa egiten du.
Amaia Barredo foru diputatuak azaldu duenez, zerbitzu hori bereziki pentsatuta dago Arabako ur kudeatzaileei laguntzeko; izan ere, "beren sektoreko ur erreserben egoerari buruzko informazio egiazkoa izan dezakete, eta lehorteei aurrea har diezaiekete, haien bilketek epe laburrean izan dezaketen arrisku hidrikoa aurreikusiz.
Plataformak aukera ematen du, halaber, aztertutako sektore bakoitzari zuzenean lotutako bilketak ikusteko, baita lurpeko beste baliabide batzuei lotutako gainerako bilketak ere.
Helburua lurraldearen erresilientzia areagotzea da, klima aldaketaren aurreko egokitzapen neurrien funtsezko alderdia baita, KLIMA ARABA 2050 estrategian aitortzen den bezala.