Koronabirusaren pandemiak mundua geldiarazi zuen, eta, horrekin batera, ezkontzak ere bai. Iaz, mugikortasun- eta osasun-murrizketei dagokienez normaltasunera itzuli ondoren, erregistratutako ezkontza-kopuruak gora egin zuen berriro, bai Araban, bai Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken ikerketaren arabera, ezkontzak % 60raino igo ziren Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, “Eustaten datuen arabera, Euskal AEn, 6.427 ezkontza izan dira guztira, 2020an baino % 58,4 gehiago, urte horretan COVID-19aren pandemia eta murrizketak izan baitziren. Euskal AEn bizi diren sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzak kontuan hartuta, 6.161 izan dira, aurreko urtean baino 2.250 ezkon-tza gehiago”, zehaztu zuten. Hala ere, nabarmentzekoa da ezkontza-kopurua ez dela oraindik osorik berreskuratu 2019koarekin alderatuta, eta datuak pandemiaren aurreko urtekoak baino txikiagoak dira oraindik. “Ezkontza kopuruak gora egin du, baina, halere, oraindik ez da lehengo kopuruetara bueltatu, 2019arekin alderatuta; 2021ean, %14ko beherakada dago oraindik ezkontza kopuruan”, zehaztu zuten.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko ezkontza-tasa mila biztanleko 2,7 ezkontzakoa da; kopuru hori Espainiakoa (‰ 3,1) baino baxuagoa eta Europar Batasunekoa (27 herrialdeak) baino baxuagoa da, zeina, 2020an, eskuragarri dagoen azken datuaren arabera, ‰ 3,2koa baitzen. Era berean, euskal ezkontza-tasa 2,7 ezkontzakoa da mila biztanleko. Kopuru hori Espainiakoa baino txikiagoa da eta Europar Batasunekoa baino txikiagoa. Gainera, 38 urte baino gehiago dituzte gizonek ezkontzeko. “Ezkontzeko adinak, sexu desberdineko bikoteetan, behera egin du 2021ean, 2020aren aldean; izan ere, gizon egoiliar ezkongabeak 38,8 urterekin ezkondu dira, batez beste, eta emakumeak, 36,6 urterekin. 2020an, 39,2 urterekin eta 37,1 urterekin, hurrenez hurren”, esan eta erantsi zuten: “2019arekin alderatuta, ezkongabeak ezkontzeko batez besteko adinak gora egin du; izan ere, urte horretan 37,7rekin eta 35,7rekin ezkontzen ziren. Bi ezkontideen arteko adin-desberdintasunak bere horretan dirau bi urte inguru”. Sexu desberdineko pertsonen ezkontzetan, 2021ean behera egin du ezkontide dibortziatuen kopuruak. Aurretik dibortziatutako senar-emazteen ehunekoa % 16,3koa eta %16,8koa izan da, hurrenez hurren; balio horiek 2020koak baino baxuagoak izan dira (%19,4 eta %18,6, hurrenez hurren).

Ildo beretik, txosten berak zehazten du ezkontza horietatik zenbat diren heterosexualak eta zenbat sexu bereko pertsonek osatuak. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko ezkontzetatik 266 sexu bereko pertsonek osatutako ezkontzak dira. Horrek esan nahi du %82tik gorako igoera izan dela 2020arekin alderatuta (urte horretan 146 erregistratu ziren). Halaber, pandemiaren aurreko urtearekin alderatuta, –2019an– %29,1 igo da. Izan ere, 2012az geroztik, emakumeen arteko ezkontzek gora egin dute eta gizonen arteko ezkontzak gainditu dituzte; azken urtean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen %60 izan dira. Gainera, sexu bereko bikoteen ezkontzetan, gizon egoiliar ezkongabeak 2021ean 44,8 urterekin ezkondu ziren eta emakumeak, 37,1 urterekin. Bikote horietan aurretik dibortziatutako gizonen ehunekoa %7,4koa da eta emakumeena, %10,6koa.

Eta ezkontza horietatik guztietatik zenbat dira erlijiosoak eta zenbat epaitegian? Alde horretatik, erantzuna erabatekoa da: ezkontza zibilek oso ehuneko altua irabazten dute, iaz gutxitu ziren arren. “Ezkontza zibilak ezkontzen %90,6 dira, baina ehuneko horrek %3 egin du behera, 2020aren aldean. Duela 30 urte, 1991n, ezkontza zibilak ezkontza guztien %25,1 baino ez ziren”, zehaztu zuten txostenean. Egoitzari dagokionez, ezkontzen %95,6k EAEn du bizilekua eta %4,4k bertatik kanpo, eta kanpo dutenen helmuga nagusiak Madril (56), Kantabria (54) eta Burgos (52) dira, bai eta Nafarroa (27) ere. “Ezkontza zibilen kopurua nabarmen handitu izanak eta, 2009tik aurrera, haien ia erdia ostiraletan ospatzeak eta ezkontza erlijiosoak nabarmen behera egin izanak ekarri du, 2017tik aurrera, Euskal AEn, ostiraletan larunbatetan baino ezkontza gehiago ospatu direla (%49,1 eta %31,2, hurrenez hurren)”,erantsi zuten.

Bertakoak

Azkenik, nazionalitateari dagokionez, 1.451 ezkontzatan (kopuru osoaren %23,6), “ezkontideetako bat, gutxienez, atzerritarra da; 2020an, %27,2 eta 2019an, %20,4. Ezkontza horien %43,9an, emaztea da atzerritarra; %19,6an, senarra, eta %36,5ean, bi ezkontideak dira atzerritarrak”, azpimarratu zuten. Emaztea soilik atzerritarra duten ezkontzen kasuan, kasuen %73,2 Amerikako herrialde bati dagozkio (nagusiki, Kolonbia, Nikaragua eta Brasil), eta, ondoren, %18,4 europarra da (nabarmentzekoak Errumania eta Frantzia). Gizona soilik atzerritarra den kasuetan, honela bana-tzen da: “Amerikako herrialdeak (%38,2), nagusiki Argentina eta Kolonbia, eta Europakoak (%34), nagusiki Alemania, Italia, Portugal eta Fran-tzia, besteak beste. Nabarmentzekoa da, era berean, kasuen %13,7 marokoarrak direla”, ondorioztatu zuten Euskal Estatistika Erakundetik.