Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak Lazarraga sarien zazpigarren edizioa aurkeztu zuten atzo, Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko lana saritzeko.

Aurreko edizio baten artxiboko-irudia. | ARGAZKIA: UTZITA

Euskara lan-munduan txertatzeko lanean jarraitzea da helburu nagusia, Araban euskara hazten jarrai dezan. Izan ere, helburu beragatik, administrazio publikoek eta elkarteek hainbat laguntza eta ekitaldi sustatzen dituzte urtean zehar. Azkena aipatutako hau izan da. Hala, Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek eta Bai Euskarari elkarteko zuzendari Robert Gutierrezek balioa eman zioten erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lanari, eta, gainera, sail ezberdinen bitartez tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtzeko egiten duten esfortzuari. “Ahalegin hori aitortu eta saritzeko, bost sari emango zaizkie Arabako Lurralde Historikoko erakunde edo pertsona fisikoei, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik eta ekimenengatik”, azpimarratu zuten. Aintzatespen hauek Lanabes-Araban Euskara Lanean ekimenaren parte dira, Arabako enpresa munduan euskararen erabilera zabaldu nahi duen ekimenarenak, alegia.

“Erakunde gisa, Arabako erakunde eta enpresak sustatu, lagundu, aholkatu eta saritzea bilatzen duten ekimen eta proiektuak bultzatzen eta babesten inplikatuta gaude, gero eta gehiago baitira, negozioak dituzten pertsonei zerbitzu hobeak eskaintzeko euskara egunerokoan sartzea ezinbestekoa ikusten dutenak” adierazi zuen Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek. Zuzendariak gainera. Arabako Foru Aldundiak euskara sustatzea zeharkako estrategia nagusietako bat izaten jarraituko duela gogorarazi zuen.

Foru Aldundiak lan munduan euskara txertatzeko lanean jarraituko du, SEA eta Vital Fundazioaren lankidetzarekin. Bestalde, kirol arloan euskara sustatzeko proiektu txikiak eskaintzen hasi gara. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Araban orain arte landu ez diren esparruetan eragitea, hau da, IKTen munduan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, euskara sartzea”, erantsi zuen.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, Rober Gutierrezek azpimarratu zuenez, Bai Euskarari Elkarteak, Lazarraga Sariak proiektuarekin, “Arabak gizarte aurreratua, modernoa eta euskaraz bizi eta lan egingo duena izatea” lortu nahi du. “Lanean jarraituko dugu errealitate bat izan dadin”, gaineratu zuen.

Sariak

Euskaraz idazteko orduan aitzindari izandako Juan Pérez Lazarragaren sariekin Arabako esparru sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta erakundeen sare bat ehundu nahi da”, azaldu zuten Arabako Foru Aldundiatik. Sariak azaroaren 24an banatuko dira Gasteizko Artium Museoan, eta mundu sozioekonomikoan egiten den lan hori lehenestea eta, batez ere, aitor-tzea dute helburu. Bost sari banatuko zaizkie erakundeei eta pertsona fisikoei, eta epaimahaiak hainbat aldagai hartuko ditu kontuan.

Besteak beste, zerbitzua euskaraz eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak; lana garatzeko baliabideak euskara; kontratazioa; barne-dokumentazioa; hizkuntzaren ingurunea; kanpo-komunikazioa; hizkuntzaren ingurunea; kanpo-komunikazioa; produktuaren kontsumitzailea eta erabiltzailearentzako elementuak; lanbide Heziketako euskarazko praktikak enpresetan; euskaraz egindako prestakuntza; lanean euskara ikasteko prestakuntza eta arlo sozioekonomikoan euskara susta-tzeko egindako beste edozein neurri.

“Hautagaitzak pertsona fisikoek zein erakundeek aurkez ditzakete. Hautagai gisa aurkezteko baldintza bakarra Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean egoitza izatea da. Proposamen horretan, emandako informazioa eta zioen azalpena hartuko dira kontuan, eta edozein euskarri erabili ahal izango da erakundearen edo pertsonaren ekintzak erakusteko”, azaldu zuten. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 24ra arte egongo da zabalik, eta proposamenak egiteko hainbat bide egongo dira: https://baieuskarari.eus/eu/proiektuak/lazarraga-sariak helbidean dagoen formulazioaren bidez edota E-mailez, helbide honetara idatzita: lazarragasariak@baieuskarari.eus. Azken izendapenak eta irabazleak erabakiko dituen epaimahaia Lanabes proiektuaren talde eragileak osatuko du, atzo ondorioztatu zuten bezala.