Inoiz baino ilusio handiagoarekin itzuliko dira, bi urteko geldialdiaren ondoren, koronabirusaren murrizketengatik eta pandemiagatik. Gasteizko Txosnak itzuliko da Gasteizko jaietan, eta ia dena antolatuta dute herritar guztiekin jai hauetaz gozatzeko. Gainera, Gasteizko Txosnak taldeak eskerrak eman nahi dizkie 42 urteko ibilbide eta lan honetan lagundu dieten guztiei.

“Bi urteotan egoera ez da batere erraza izan; pandemiaren oztopo eta ondorioek, gizartearen esparru ezberdinetan bezala, eragin handia izan dute gurean ere. Baina aldi berean, hausnarketarako eta elkarlanerako aukera ere izan dugu. Eta horren adibide dira, txosnagunerik gabe, proiektuak bizirik iraun zedin abiatutako Kalea gara, Kalean gara dinamika, Gasteizko Txosnak proiektu kolektibo gisa indartzeko egindako hausnarketa prozesua edota konfiantzan oinarritutako zein gune segurua izan dadin sortutako elkarbizitza markoa”, adierazi diete Txosna Batzordeko kideek Gasteizko erdialdean bildutakoei. Hala, pandemiak eragindako bi urte luzeren etenaldiaren ostean, dena prest da Gasteizko Txosnagunea berriz ere irekita ikusteko. “Txosna Batzordeko kideak ez ezik, hiriburuko Herri Mugimenduko kide zein eragileak ere gogotsu daude eta hala adierazi dute Aihotz plazan egindako gonbidapen argazki masiboan: txosna aurten jartzen duten eragileek, beste ureteren batean txosna jarri duten eragileek, bestelako konpromisoak dituzten eragileek, txandak egiten dituzten norbanakoek eta, finean, Gasteizko Txosnetako 42 urte hauek posible egin dituzten norbanako zein kolektiboek euren aletxoa jarri dute txosnaguneari azken bultzada emateko asmoz”, gaineratu dute. Izan ere, txosnen ibilbidea aspalditik dator, ibilbide luze eta desberdinarekin. Ildo horretan, bertatik gogoratu dutenez, “42 urtez eragile eta norbanako ugari izan dira proiektu hau elikatu eta aberastu dutenak, bakoitzak bere aletxoa jarriz, muntaketa eta desmunaketetan lagunduz, kontzertuak emanez, txandak eginez, guztiontzako gune segurua izan dadin lan eginez, askotariko jarduerez gozatuz... Finean, zentzua eta kolorea eman diozue txosnaguneari”. Zentzu honetan, “argazki masibo hori urte luze hauetan modu batean edo bestean proiektuaren parte izan direnen isla txiki bat besterik ez da”, eskertu dute.

Muntaketaren testuinguruan xehetasun gehiago emango dituzten arren, aurtengoan, urtero bezala, egun bakoitzak izaera berezia izango du. Abuztuaren 4an zabalduko dira txosnaguneko ateak, 20:30ean erdialdetik abiatuko den Broken Brothers Brass Band taldearen laguntzarekin. Behin txosnagunean, inaugurazioa eta zinta mozketa burutuko da eta, urtero banatzen den Txosnisaria ilusio handiz bere ibilbideari amaiera eman dion kolektibo bati emango diotela aurreratu dute. “Abuztuaren 5ean Elkartasun eguna, abuztuaren 6an Ikasle eguna eta abuztuaren 7an Gazte eguna ospatuko dira. Abuztuaren 8an, Entxosnatu eguna ospatuko da: Egun berezia da guretzat, bi urteko etenaldiaren ostean, kolektibo zein norbanako oro berrelkartzeko aukera paregabea izango baitugu. Aurten nobedade gisa, Alde Zaharrean ospatuko da hau, 12:00etan egongo den Irrien Lagunak ikuskizunarekin, osteko marianitada musikatuarekin eta herri-bazkariarekin. Azken honetarako, bertako o produktuak lehen lerroan jarriko dira: Arabako produktu ekologikoekin egingo da bazkari hau. Ondoren, Txan Magoa eta txosnibusa izango dira, txosnaguneaz gozatzen jarraitzeko”, erantsi dute. Alderdi garrantzitsu gisa, euskarak garrantzia hartzen du berriz ere txosnetan, eta, gainera, hizkuntza hori bultzatzen jarraitu nahi da, bai eta hori badakiten eta ulertzen duten herritar guztiak hizkuntza hori erabiltzera animatzen ere.

Euskararen alde

Hala, txosna hauek Araban euskararen erabilera bultzatzen jarraitzen dute eta festetan ere, hau da, aisialdian, euskaraz hitz egiteak eta euskaraz komunikatzeak duen garrantzia gogoratzen jarraitzen dute. Era berean, betiko izaerari eutsiko zaio eta jai-eredu “euskaldun, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren” aldeko apustu garbia egiten dute. Bestalde, “guztiontzako espazio segurua izan dadin, erantzukizunez jokatzeko deia luzatu nahi dugu: eraso matxistarik gabeko gunea helburu lanean jarraitzen dugu, erasoen aurrean Gasteizko Mugimendu Feministaren Protokoloa gizarteratu eta hau aktibatzeko mekanismoak prest ditugularik”, ondorioztatu dute. Jakinarazpen honen bidez, Gasteizko Txosnak taldeak ia dena prest du egun handia iristeko, eta, bi urtez txosna barik egon ondoren, Andre Maria Zuriaren jaiez gozatu nahi duten gasteiztar eta arabar guztientzat.