Kutxabank Taldearen eta BBK, Kutxa eta Vital fundazio akziodunen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) barne produktu gordinaren (BPG) %11,5 sortu zuen 2024an, 10.133 milioi eurora iritsiz, hau da, 2023an baino %17 ghehiago.
Zehazki, Kutxabank Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, jarduera korporatiboaren ekarpena 1.102 milioi eurokoa izan zen (EAEko BPGaren %1,2), eta kreditu jardueraren 9.031 milioi euroko ekarpena lurraldeko ekonomiara lagungarria izan zen erkidegoko BPGaren %10,3ri eusteko.
Enplegua sortzeari eta mantentzeari dagokionez, Kutxabankek 3.100 langile zuzen zituen Euskadin 2024an, eta bere kreditu jarduerak eta balio kateak sortutakoak gehituta, 127.200 profesional baino gehiago ziren, hau da, erkidegoko enpleguaren %12,8.
Halaber, Kutxabank Euskadiko talde zergadun nagusietako bat izan zen iaz, eta zerga ordainketaren %4,6ko ekarpena egin zuen BPGari dagokionez. Tasen eta zergen ordainketa 340 milioi eurokoa izan zen zuzenean -azken bost urteetan 1.500 milioi eurotik gora-, eta 3.707 milioi eurokoa bere finantzaketak eta bere balio kateak sortutako jarduerarekin.
Bestalde, Kutxabankek 553,7 milioi euroko emaitza garbia lortu zuen 2024an, eta, bere zerga ekarpenaren ratioa dela eta, zerga aurreko emaitzaren 100 eurotik 47 baino gehiago zergak, tasak eta kontribuzioak ordaintzera bideratzen ditu.
Inbertsioak eta EAEko 5.530 hornitzaileri egindako erosketak 225 milioi eurokoak izan ziren 2024an
Ceprede elkarteak Kutxabank finantza taldearentzat eta bere fundazio akziodunentzat eragin ekonomikoaz urtero egiten duen azterlanak nabarmendu egin du bankuak eta fundazio akziodunek balio katearekin duten epe luzeko harremana, datuetan zehaztuz.
BESTE DATU BATZUK
Hain zuzen, inbertsioak eta EAEko 5.530 hornitzaileri egindako erosketak 225 milioi eurokoak izan ziren 2024an, eta ordainketa epeak 15 egun baino gutxiagokoa izaten jarraitu zuen. Gainera, hornitzaileei egindako erosketak 1.100 milioi eurotik gorakoak izan dira azken bost urteetan.
Eremu horretan, erosketa jasangarria, bertako hornitzaileekiko harremana eta, akordioen eta aholkularitzaren bidez, ingurumena babesteari, giza eskubideei eta ustelkeriaren aurkako neurriei buruzko munduko itunaren printzipioak balio katean hedatzea lehenesten ditu bankuak.