Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hamar langile edo gehiagoko enpresen %38,4 berritzaileak izan ziren 2023. urtean, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.
Eskualdeka, Bizkaian Arratia-Nerbioi (%42,7) eta Gipuzkoan Debagoiena (%42,4) nabarmendu ziren, eta Gernika-Bermeo (%42,0), Debabarrena (%41,5), Durangaldea (%41,0), Markina-Ondarroa (%40,9), Plentzia-Mungia (%40,3) eta Bilbo Handia eta Goierri (%40,0na) ere EAEko batez bestekoaren gainetik kokatu ziren.
Aitzitik, lurralde bakoitzean enpresa berritzaileen proportziorik txikiena zuten eskualdeak Kantauri Arabarra (%33,0), Bidasoa Beherea (%35,4) eta Enkarterriak (%37,9) izan ziren Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, hurrenez hurren.
Hiriburuei dagokienez, hamar langile edo gehiagoko enpresa berritzaileen artean Bilbo izan zen nagusi 2023an (%40,0), eta ondoren zeuden Donostia (%37,6) eta Gasteiz (%33,8).
Balio absolutuetan berrikuntza jardueretako gastuari begiratuta, kopuru nagusiak hiriburuak barne hartzen dituzten eskualdeetan bildu ziren hamar langile edo gehiagoko enpresetan. Halere, kontzentrazio maila desberdina da, batez ere Gipuzkoan.
Hain zuzen, Araban eta Bizkaian hiriburuak barne hartzen dituzten eskualdeek lurraldearen guztizko gastuaren %91,3 eta %81,5 hartu zuten (Arabako Lautada eta Bilbo Handia, hurrenez hurren); Gipuzkoan, berriz, proportzio hori txikiagoa zen, eta Donostialdeak berrikuntzan egindako gastu osoaren %44,4 hartu zuen.
Araban, 480,7 milioi euroko gastutik 438,9 milioi euro Arabako Lautadan egin ziren, eta Bizkaian 1.612,4 milioi eurotik 1.314,3 milioi Bilbo Handian; Gipuzkoan, ordea, lurraldeko 1.046,9 milioi euroetatik 464,3 milioi Donostialdekoak ziren.
Orobat, 100 milioi eurotik gorako gastuarekin zeuden Debagoiena (196,2 milioi), Goierri (176,6 milioi) eta Debabarrena (110,8 milioi) Gipuzkoan, eta Durangaldea (118,2 milioi) Bizkaian.
Hiriburuei dagokienez, 508,1 milioi euroko gastua egin zuten jarduera berritzaileetan Bilbon, 428,0 milioi eurokoa Gasteizen eta 362,5 milioi eurokoa Donostian, hau da, lurraldeko gastuaren %31,5, %89,0 eta %34,6, hurrenez hurren.