Eustaten datuen arabera, eraikuntzaren kostuen indizea % 0,3 jaitsi da Euskal AEn 2023ko urrian, aurreko hilabetearekin alderatuta. 2022ko hilabete berarekin alderatuta, kostuak % 3,6 igo dira.

Eraikingintzako kostuak % 0,4 jaitsi dira, eta Obra Zibilekoek, berriz, ez dute aldaketarik izan. 2022ko urriarekin alderatuta, prezioak % 3,8 igo dira Eraikingintzan, eta % 2,9 Obra Zibilean.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, "aurreko hilabetearekin (2023ko irailarekin) alderatuta, lehengaien kostuak % 0,4 jaitsi dira, eta eskulanaren kostuek, berriz, ez dute aldaketarik izan. Urtetik urtera, lehengaien kostua % 4,0 igo da, eta eskulanaren kostua, berriz, % 2,1", azpimarratu zuten Eustatetik egindako azken txostenean.

Bestalde, txostenaren arabera, lehengaien kostua % 0,5 jaitsi da hiletik hilera Eraikingitzaren sektorean, eta ez du aldaketarik izan Obra Zibilean. Urtetik urterako bilakaeran, Eraikingitzako lehengaien kostuak % 4,3 igo dira, eta Obra Zibileko kostuak, berriz, % 3,1.

Eraikuntzaren sektorean kontsumitutako lehengaien prezioek honako azpisektore hauetan izan dituzte igoerarik handienak 2023ko urrian, 2022ko urriarekin alderatuta: Ez-metalezko mineralak (% 11,6), Kautxua eta plastikoa (% 10,8) eta Zuraren eta kortxoaren industria (% 6,8). Bestetik, sektoreko lehengaiak diren produktuak produzitzen dituzten azpisektore nagusi hauetan jaitsi dira prezioak: Energia elektrikoa eta gasa (% 29,2ko jaitsiera), Petrolioa fintzea (% 15,5eko jaitsiera) eta Industria kimikoa (% 7,4ko jaitsiera).