Eustatek landutako datuen arabera, eta lan-egutegiko balio homogeneoetan, Euskal AEko 2023ko iraileko industria-produkzioa joan den urteko hil berekoa baino % 2,7 handiagoa izan da. 2023ko lehen bederatzi hiletan metatutako produkzioa, berriz, joan den urteko aldi metatu berekoa baino % 0,3 txikiagoa izan da.
2023ko abuztuarekin alderatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 1,6ko igoera izan du azken hilean, urtaro-eraginak zuzendu ondoren.
Ondasunen xede ekonomikoa kontuan hartuta, Bitarteko ondasunak sektorean (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa; industria kimikoa, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa biltzen ditu), produkzioa % 1,5 igo da urtetik urtera.
Ekipo-ondasunak sektoreak ere (ibilgailu motordunen fabrikazioa; tren-makinen eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta aireontzi edo itsasontzien eraikuntza biltzen ditu) gora egin du joan den urteko irailarekin alderatuta (% 8,2ko igoera).
Energiaren produkzioak, berriz, % 5,1eko beherakada izan du 2023ko irailean, joan den urteko irailarekin alderatuta. Sektore horretan, energia elektrikoaren produkzioa eta hornidura, eta petrolioa fintzea sartzen dira.
Kontsumo-ondasunek ere urtetik urterako portaera negatiboa agertu dute 2023ko irailean, eta produkzioak % 4,0 egin du behera sektore osoan. Beherakada hori Kontsumo-ondasun iraunkorren portaeragatik gertatu da nagusiki (besteak beste, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioa hartzen du barnean epigrafe horrek). Izan ere, ondasun horien produkzioak % 15,4ko beherakada izan du. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren produkzioa, bestalde, % 1,1 jaitsi da. Azken horien artean, honako jarduera hauek daude: elikagaiak prozesatu eta kontserbatzeko jarduerak; garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmazia-produktuak, eta jantzigintza.
Xeheago azalduta, Euskal AEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, Makineria eta ekipoak eta Garraio-materialak izan dute 2023ko irailean urtetik urterako igoerarik handiena (% 7,6 eta % 5,8, hurrenez hurren). Produkzioan urtetik urterako beherakadarik handiena izan duten sektoreak, berriz, honako hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 10,2ko beherakada); Zurgintza, papera eta arte grafikoak (% 9,1eko beherakada), eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industriak (% 7,6ko beherakada).