okartaarrantzatzeari ekingo diote gaurtik aurrera Bizkaia eta Gipuzkoako berrogeita hamar bat ontzik. Portuan lotuta nahi baino denbora gehiago eman ondoren, euskal arrantzaleak berriz itsasoratuko dira urteko lehen arrantzaldiari ekiteko. Aurten, gainera, iaz baino mila tona antxoa gehiago arrantzatu ahal izango dute, urteko gehienezko harrapaketa kopurua %3,5 handitu dutelako. Gauzak horrela, 33.000 tonako topetik, %90a Kantauriko flotari dagokio, 29.700 tn hain zuzen, eta gainontzekoa Frantziako flotari. Nolanahi ere, Espainiako banderapean arrantzan egiten duen flotari dagokion kopuruari, 5.500 tona inguru kendu behar zaizko. Izan ere, Espainiako flotak antxoa partida hori erabiltzen du, Europako Batzordeak 2009 urtean berdel gehiegi harrapatu izanagatik jarritako isuna ordain-tzeko. Kontuak kontu, Kantauriko baxura flotako ontziek 24.000 antxoa inguru harrapatu ahal izango dute aurtengo arrantzaldian.
Urtero gertatzen den legez, arran-tzaleek ez dute ezer aurrerratu nahi aurtengo kanpainaren gainean. "Badakigu bokartaren egoera osasuntsua dela. Horixe diote AZTIk egindako ikerketek eta guk geuk ere arrain ugari aurkitzen dugu itsasoan. Edozelan ere, ezin da aurreikuspenik egin" adierazi du Bizkaiko ontzi bateko patroiak. Arrantzaleek gogoan dute aurreko urteko kanpainan gertatutakoa. Bokartaren arrantzaldiari ekin zioten martxoaren hasieran baina handik gitxira eten egin zuten kanpaina COVID birusa zabaltzen hasi zalako. Apirilaren 20an berriz itsasoratu zirenean ez zuten antxoarik aurkitu ohiko lekuetan. Izan ere, arrain sardek mendebalderantz egin zuten eta euskal ontziek Kantabria eta Asturiaseko uretarantz egin behar izan zuten. Horren ondorioz, Euskadiko kofradiek inoiz baino antxoa gutxiago jaso zuten. Horretaz gain, arrantzaleek antxoa gaztea baino ez zuten aurkitu itsasoan eta enkantean izandako prezio eskasa ikusita, arrantzaldia amaitutzat ematea erabaki zuten, oraindik ere kuota agortu barik bazegoen ere. "Iazko kostera arraroa izan zen. Hasieratik, lehen harrapaketak ohi baino mendebalderago lortu genituen eta Asturiasko uretan amaitu genuen gure jarduna. Bestalde, antxoa handiaren bila ibili arren gauza gitxi aurkitu genuen eta porturatutako arrainaren tamaina nahi baino txikiagoa izan zen, horrek prezioan duen eraginarekin. Ea aurten gauzak hobeto doazen eta prezio ona lortzen duen antxoa handia harrapatzen badugu" adierazi digu patroiak.
1.772 tona antxoa saldu ziren iazko kanpainan Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan. Aurreko urtean, berriz, 13.182 tona porturatu zituzten. Begibistakoa da porturatze kopuruak izan zuen jaitsiera. Urte guztiko datuak kontuan izanda, 2.584 tona antxoa jaso zituzten 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko portuek, aurreko urtean baino %80,55 gutxiago. Arrainaren balioa 2,9 milioi eurokoa izan zen, iazkoa baino %83,07 txikiagoa. Bataz besteko prezioari dagokionez, antxoa kiloa 1,13 eurotan saldu zen bataz beste, 2019an baino %12,95 merkeago. Edozein kasutan, kontuan izan behar da COVID birusak eragindako pandemiak goitik behera baldintzatu zuela antxoaren merkaturatze prozesua, besteak beste ostalaritza itxi egin behar izan zutelako. Egungo egoera, nahi baino okerragoa bada ere, ordukoa baino hobea da eta antxoaren merkaturatze prozesuan onerako nabaritzea espero dute arrantzaleek. Ontziak astelehenean itsasoratuko dira eta ondo bidean laister sartuko dira urteko lehen bokartak Euskadiko portuetan.
Antxoaren arrantzaldiari buruzko datuekin jarraituz, urtero legez Ondarroako kofradia izan zen antxoa gehien jaso zuen portua, 698,7 tona hain zuzen ere. Azpimarratzekoa da, aurreko urtean, 2019an, 7.230 tona saldu zituztela. Gainera, aurten, kofradia barria estrainatu dute Ondarroan. 556 tona porturatu zituzten Getarian, 322 Hondarribian, 125 Bermeon, 66 Pasaian eta 2,7 Santurtzin.
Beste alde batetik, Euskadiko baxura flotako ordezkariek eskatu dute lehenbailehen ipintzea covid 19 birusaren aurkako txertoa ontzietako arrantzaleei. "Badakigu egoera zaila dela eta nahi baino txerto gutxiago daudela. Ez dugu tratu berezirik eskatzen baina bai uste dugu kontuan hartu behar dela arrantzaleen lanaren ezaugarriak eta ahalik eta arinen ematea txertoa" azaldu dute Bizkaiko kofradietatik. Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuikultura zuzendariak arrantzaleen eskariaren berri eman dio osasun sailari. "Guk ulertzen dugu arrantzaleen kezka eta osasun sailari azaldu diogu. Dena den, guztiok ikusten dugu egoera ez dela erraza batez ere txerto kopurua nahi baino urriagoa delako. Guk uste dugu, gauzak dauden moduan egonda, eta errealistak izanda, baxura flotako arrantzaleak txertoa jasoko dutela hegaluzearen arrantzaldiari ekin aurretik" adierazi du Azkuek.
Urteko sasoi honetan, antxoa eta berdela batera egoten dira Bizkaiko Golkoko uretan. Berdelaren arrantzaldiak garrantzia hartu du azken urteetan, historikoki bigarren mailako arrain bat legez ikusia egon bada ere.Nekazaritza, Arran-tza eta Elikadura Ministerioak jakitera eman duenez, Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek 28.400 tona berdel harrapatu ahal izango dituzte aurten. Flota horretan hiru talde daude: inguraketa sarea erabiltzen duten ontziak (antxoatan ibilten direnak), hondoko arrastrekoak eta amudun tertzekin aritzen direnak.
Urteko harrapaketa mugak %8ko murrizketa izango du, biologoek hala gomendatu dutelako. Kontua da, berdel stock bakarra dagoela Europako uretan eta honen kudeaketan estatu asko sartzen dira: Islandia, Norvegia edota Erresuma Batua. Brexita dala-eta oraindik zehazteke daude espezie batzuren kuotak, berdelarena tartean. Azkenean, iazko harrapaketa muga oinarritzat hartuta, Kantauriko flotak, dagokion kuotaren %72a arran-tzatu ahal izango du aurtengo lehen hiruhilekoan.
Milaka tona berdel iristen dira urtero Europa iparraldeko uretatik Bizkaiko Golkora arrautzak botatzera. Itsasoa arrainez gainezka egon arren, euskal ontziek egun gutxi batzuk nahikoak dituzte dagokien kuota txikia arrantzatzeko.
Berdela utzi eta antxoa harrapatzeari ekiten diote inguraketa sarea erabiltzen duten ontziek. Amudun tertzekin arrantzatzen duten ontziek, berriz, ondo kudeatu behar dute euren kuota, kanpaina ahalik eta gehien luza dadin. Horretarako, eguneko kopuru txikiak arrantzatzen dituzte. Izan ere, behin berdelaren kanpaina amaituta, ontziok ez dute beste arrantzaldi bati ekiteko aukerarik, maiatzaren bukaeran hegaluzearenari ekin arte. Kontuak kontu, datorren asterik aurrera arrain freskoa eta goi mailakoa hasiko da sartzen euskal portuetan.
Euskadiko baxura flotako ordezkariek eskatu dute lehenbailehen ipintzea covid birusaren aurkako txertoa ontzietako arrantzaleei