- Antxoaren arrantzaldiari ekingo diote euskal arrantzaleek bihar, portuan hilabetez lotuta egon ostean. Inoiz baino beranduago hasiko da aurten bokartaren kostera. Izan ere, martxoaren 20an, berdelaren kanpaina amaitu ostean, flotaren jarduna etetea erabaki zuten Kantauriko flotako ordezkariek "osasun-krisiak sortutako salbuespenezko egoeraren aurrean". Hasiera batean, ontziak apirilaren 13an itsasoratzekoak baziren ere, arrantzaleek beste aste bete atzeratu zuten antxoaren kanpainaren hasiera eta bihar irtengo dira portutik antxoaren arrantzaldiari ekiteko. Gauzak horrela, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako 150 bat ontzi itsasoratuko dira bihartik aurrera. 50 bat ontzik osatzen dute euskal flota. 40 bat Gipuzkoakok dira eta gainerako 10ak Bizkaikoak. Ontzi gehienak, 18, Hondarribikoak dira eta 15 Getariakoak. Bizkaiko flotari dagokionez, Bermeok eta Santur -tzik hiruna ontzi dituzte, Zierbenak bi, Lekeitiok bat eta Ondarroak beste bat.
Edozein kosteraren hasieran gertatzen den bezala, zaila da oso jakitea zer aurkituko duten arrantzaleek itsasoan. "Hilabete daramagu portuan lotuta itsasora atera barik eta ez dakigu zer aurkituko dugun, urterik urtera gauzak aldatu egiten baitira. Nolanahi ere, azken urteetan antxoa asko zegoen itsasoan eta aurten ere horrela izatea espero dugu" adierazi du bihar itsasoratuko den ontzi bateko patroiak. Eguraldia lagun izango dute arrantzaleek, itsasoa bare egongo da-eta. Gainera, uraren tenperatura epeldu egin da azken asteetan.
Antxoaren arrantzaldiak garrantzi handia du Kantauriko baxura flotarentzat. 13.200 tona saldu ziren iaz Bizkaia eta Gipuzkoako kofradietan. Porturatutako arrainaren balioa 17 milioi eurokoa izan zen eta kiloaren batez besteko prezioa 1,29 eurokoa. Aurreko urtearekin alderatuta, 2018arekin hain zuzen ere, porturatutako antxoa kopurua %12,8a jaitsi zen eta arrainaren balioa ere %12,3 txikiagoa izan zen. Batez besteko prezioari dagokionez, ez zen ia aldaketarik egon. "Azken urteetan antxoa handi gutxi harrapatu dugu eta horixe da garestien saltzen dena. Ea aurtengoan arrain handi gehiago arrantzatzen dugun" diote baxura flotatik.
Arrainak komerzializatzeko orduan izan dezakeen prezioaren beldur dira arrantzaleak. Izan ere, egun bizi dugun alarma egoera dela-eta, beste espezie batzuk normalean baino merkeago saltzen ari dira. Berdelarena da kasurik argiena, aurreko urtean baino askoz merkeago saldu da-eta. Gauza bera gertatzen ari da lebatza, sapoa, lupina eta altura flotak harrapatzen dituen espezieekin. "Egun bizi dugun egoerak ez digu batere lagunduko. Jendea etxean sartuta dago eta arrain freskoaren kontsumoa jaitsi egin da. Ez dakigu zer gertatuko den gure arrainagaz portura itzultzen garenean" dio kezkatuta Bizkaiko patroiak. Euskadin saltdutako antxoaren erdia baino gehiago Ondarroako portuan merkaturatu zen. 7.230 tona sartu ziren aurreko urtean, 2.600 Getariako portuan, 2.051 Hondarribin, 683 tn Bermeon eta 608 Pasaian.
Kofradietan segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte eguneko jarduera arautzeko. Ondarroako portuak jasotzen du antxoa gehien eta egunero ontzi asko sartzen dira harrapatutako arraina deskargatzeko. Kalare Deuna kofradiako arduradunek protokolo bat prestatu dute antxoaren kosterarako. Egunero zerrenda bat osatuko dute portura sartuko diren ontziekin eta bakoitzak bere zenbakia izango du. Portuan deskargak egiteko hamar bat leku egongo dira eta beraz beste horren beste ontzi sartu ahal izango dira batera. Horrez gainera, ontzi bakoitzari lonja barriko gune bat aginduko zaio bere arraina bertara eraman dezan. Eguneko harrapaketa muga ontziko 6.000 kilokoa denez, gehienez hamar bat ontziren arrainak salduko dira enkante bakoitzean eta aretoan baporeko ordezkari bat egongo da. Pilaketak ekiditeko asmoz, banatu egingo dira arrain erosleen eta arrantzaleen lan egiteko guneak. Deskarga-eremutik ateratzen den itsasontzi bakoitzeko, hurrengoari jakinaraziko zaio, portura sar dadin. Antxoa deskargatzeko eta pisatzeko lanetan parte hartzen duten langile guztiek maskara eta eskularruak eraman beharko dituzte.
2020ko bokartaren harrapaketa mugak jaitsiera txiki bat izan du aurreko urtearekin alderatuta. Jaitsiera %3,4 koa baino ez da izango eta 28.702 tona antxoa harrapatu ahal izango ditu Kantauriko baxura flotak, iaz baino 1.000 tona gutxiago.
AZTIk egindako azken ikerketen arabera, JUVENA, antxoa gaztearen kopurua aurreko urteetakoa baino txikiagoa da eta aurtengo arrantzaldirako rekluta berrien kopurua ere txikiagoa izango delakoan, Bruselak harrapaketa muga jaistea erabaki du. Arran-tzaleek bi hilabete luze dituzte aurretik antxoa harrapatzeko.