BILBO. Herrialdeka, Arabako BPG %3,1 gehitu da urte artean, Bizkaikoa %2,9 eta Gipuzkoakoa %2,7. Hiruhileko artean, aldiz, Arabako eta Gipuzkoako ekonomiak %1,0 hazi dira, eta Bizkaikoa %0,8.
Joan den uztailaren 28 egindako EAEko kontuen aurrerapenean urte arteko hazkunde bera aurreikusten zen. Eskaintzaren ikuspegitik, urteko bigarren hiruhilekoan izandako BPGren urte arteko hazkundea jarduera sektore guztiei zor zaie, Lehen sektoreari izan ezik.
Horrela, Industria, bigarren hiruhilekoan, %2,3 gehitu da urte artean, lehenengoan baino hiru hamarren gehiago. Urte arteko tasa honek puntu bateko gehikuntza dakar hiruhileko artean. Manufaktura industrian %2,8ko gehikuntza izan da urte artean eta %0,6koa hiruhileko artean.
Zerbitzuetan urte arteko %3,2ko eta hiruhileko arteko %1,1eko hazkundeak izan dira.
Azpisektore guztiek bilakaera positiboa izan dute urte artean, baina indar ezberdinez: Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa %3,9, Gainerako zerbitzuak (besteak beste, jarduera profesionalak, finantzak eta aseguruak) %2,9 eta Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak %2,7. Hiruhileko artean, Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuek%1,8ko gehikuntza izan dute, Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioak %1,0koa eta Gainerako zerbitzuek %0,8koa.
Eraikuntzari dagokionez, urte artean %2,0ko gehikuntza izan da, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago, eta hiruhileko artean ez da aldaketarik izan (%0,0). Sektore agregatuen joerak balio erantsiaren urte arteko bilakaera positiboa ekarri du (%2,9), urteko lehen hiruhilekoan baino hamarren bat handiagoa. Hiruhileko artean %0,9ko hazkundea izan da.
Bestalde, eskaeraren aldetik, %2,7ko hazkundea izan da barne eskaeran, eta bere bi osagaiak (azken kontsumoko gastua eta kapital eraketa gordina) positiboan izan diar, baina apalago aurreko hiruhilekoan baino. Halaber, kanpo sektorean, esportazioak %1,7 eta inportazioak %1,4 gehitu dira.
Familia etxeetako azken kontsumoaren gastuan (kontsumo pribatua) %3,0ko gehikuntza izan da urte artean, aurreko hiruhilekoan bezala, eta hiruhileko arteko tasa %1,9 igo da, aurreko hiruhilekoaren gainetik. Kontsumo publikoari dagokionez (administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) %1,2 gehitu da urte artean eta %4,8 jaitsi hiruhileko artean.
Modu honetan, azken kontsumoko gastua (administrazio publikoen azken kontsumoko gastua eta familia etxeetakoa) %2,7 gehitu da urte artean, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,5eko hazkundea izan duen bitartean.
Bestalde, kapital eraketa gordina (inbertsioa) %2,5 gehitu da urte artean, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago. Berriz ere inbertsioaren jokaera indar ezberdindun bi bilakaeratan oinarritu da. Horrela, ekipo ondasunetan eginiko inbertsioa %4,0 gehitu da urte artean, lehen hiruhilekoan baino gutxiago, eta urte arteko tasa horrek %0,2ko jaitsiera ekarri du aurreko hiruhilekoaren aldean. Kapital eraketa gordinaren gainerakoak -eraikuntzarekin lotuagoak- %1,8ko gehikuntza izan du urte artean, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago.
ENPLEGUA
Enpleguari dagokionez, lanpostuak dedikazio osoko baliokidetzan neurtuta, %2,2 gehitu da urte artean EAEn urteko bigarren hiruhilekoan urte artean, ia 20.000 lanpostu gehiago izanik. Lehen hiruhilekoaren aldean, urte arteko tasa horrek %0,8ko hazkundea dakar.
Enplegua gehitu egin da jarduera adar guztietan aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Hain zuzen, aurreko hiruhilekoetan bezala, Zerbitzuetan gehitu da gehien enplegua urte artean (%2,3); Industrian %1,9 gehitu da enplegua, eta Eraikuntzan %1,8; Lehen sektorean %0,5 gehikuntza izan da urte artean.
Hiruhileko artean, berriz, Industrian %0,4 gehitu da enplegua, Zerbitzuetan %0,9, eta Lehen sektorean %7,1. Eraikuntzari dagokionez, ez da aldaketarik izan hiruhileko artean.