BILBO. Foroan zehar, konpainiek bertatik bertara galdetu, egiaztatu eta aztertu ahal izango dute beren negozio proiektu eta ekimenek gure mugetatik kanpo irteteko aukera ote duten. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute enpresek nazioartekotzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jakinarazi duenez, iaz SPRIk 359 laguntza zerbitzu eman zituen 176 euskal enpresarentzat, nazioarteko bihurtu nahi duten enpresek eskura duten eskaintzaren erakusgarri. Iazko otsailetik martxora egindako Intergune 2014 ekitaldian 598 elkarrizketa egin ziren, gehienak Europari buruzkoak (213 elkarrizketa, %35,62).

Aurtengo foroan SPRIk munduan barrena dituen ordezkariek (kanpo sareak presentzia du 70 herrialde baino gehiagotan eta bulego propioak horietako 15etan) era askotako laguntzak eta informazio orokor nahiz partikularra emango dizkiete euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz.

Bilera horietan baloratuko dute, adibidez, atzerriko negozio aukera batek behar adinako giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik ote dituen, produktua lehiakorra den edota jarduera sektoreak merkatu nitxorik ote duen hautatutako herrialdean. Gainera, kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruzko informazioa emango dute, azalduko dute aldaketa horiek nola eragin duten merkatuko lehentasunetan eta zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak.Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete http://www.spri.eus/es/eventos/intergune-2015-encuentros-con-la-red-ex terior-de-spri-en-euskadi helbidean.

HIRU LURRALDEETAN

Esan bezala, Intergune 2015 EAEko hiru lurraldeetan egingo da. Apirilaren 27an Bizkaiko Teknologia Parkean izango da, eta Peru (negozio eta inbertsio aukerak eta enpresak eratzeko marko legala) eta Estonia (Baltikorako atea, 200 milioi kontsumitzailerekin) izango ditu ardatz.

Apirilaren 28an Gipuzkoako Teknologia Parkean antolatuko da, eta Irango aldaketak eta negozio aukerak, Txinaren egungo egonkortasun egoera eta bere ekonomiaren etorkizuna, eta I+G+B-ren nazioarteko finantzaketa landuko dira.

Bukatzeko, apirilaren 29an izango da azken jardunaldia, Arabako Teknologia Parkean, eta gaikako hitzaldiak eskainiko dira: giza baliabideen eta zerbitzu profesionalen kudeaketa Amerikako Estatu Batuetan, Japoniaren aukera eta erronkak eta Marokon inbertitzeko aukerak.