BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioak %2,0 jaitsi ziren joan den abenduan, aurreko hilaren aldean. Datu horiek kontuan hartuta, abenduko urte arteko tasa (azken 12 hilabeteetan industriaren prezioek izandako aldakuntza) %3,6 jaitsi da, Eustaten datuen arabera.

Sektorekako azterketa xeheagoak agerian uzten du, 2014ko abenduan, Industria kimikoa (%1,3), Erauzketa industriak (%1,0) eta Altzariak, beste manufaktura industriak, konponketa eta instalazioa (%0,4) adarrek gehitu zituztela gehien prezioak, aurreko hilaren aldean.

Jaitsierarik handienak, aldiz, Kokeriak eta petrolioa fintzea (%-12,6), Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta aire egokitua (%-3,3), Metalurgia eta metalezko produktuak (%-0,5) eta Produktu farmazeutikoen fabrikazioa (%-0,5) taldeek izan zituzten.

Urte arteko aldian, hots, 2014ko abenduan, 2013koaren aldean, prezioen hazkunderik handienak Produktu farmazeutikoen fabrikazioa (%1,2), Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (%1,0) eta Metalurgia eta metalezko produktuak (%0,8) adarren izan dituzte, eta jaitsierak, Kokeriak eta petrolio fintzea (%-22,6), Altzariak eta beste manufaktura-industriak (-4,0) eta Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta aire egokitua (%-4,8) taldeek.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, abenduan, aurreko hilaren aldean, sektore talde handien prezioen bilakaera negatiboa izan zen Energian (%-9,0) eta Bitarteko ondasunetan (%-0,3). Ekipo ondasunen prezioek lehengoan iraun zuten (%0,0), eta Kontsumo ondasunenak %0,1 igo ziren; horien barruan, Kontsumo ondasun ez iraunkorren prezioak %0,1 gehitu ziren, eta Kontsumo ondasun iraunkorrenak ez ziren aldatu (%0,0).

Urte artean, Energiaren prezioak %15,9 jaitsi dira, eta Ekipo ondasunenak %0,3. Bitarteko ondasunen prezioak %0,1 igo dira, eta Kontsumo ondasunenak %0,6 jaitsi; azken horien barruan, Kontsumo ondasun iraunkorren prezioak %1,3 murriztu dira, eta Kontsumo ondasun ez iraunkorrenak %0,3.