Merkatua aztergai izango dute tamaina handitzeko

gasteiz. Tamainari dagokionez, Kutxabankek ez du oraindik estatuko finantza-sektorearen batazbesteko tamaina lortu. 15.000 milioi euro gehiago beharko lituzke hori lortzeko, egoera honetan. Eta are gehiago, aditu askoren arabera kutxen antolaketari dagokionez o-raindik bigarren buelta bat etor-tzeke dago, beraz batazbesteko tamaina hori handituko da hurrengo hileetan. Horregatik, Kutxabanken helburuen artean badago beste entitate ba-tzuekin operazioak bultzatzeko asmoa ere, tamaina hori lortzeko.

CajaSur-en adibidea izanda, Bilbao Bizkaia Kutxak badu esperientzia. Kordobako kutxa euro baten truke erosi ondoren, BBKren agindupean CajaSurrek emaitza positiboak lortu ditu jada eta irabaziak handitzea espero dute hurrengo urteei begira. Kutxabankeko iturrien arabera, banku berriak antzeko operazioak ere aztertuko ditu ondorengoan, presarik gabe. "Merkatua ikertu beharko dugu sortzen diren erosketa aukera ezberdinak lasai aztertu ahal izateko , Cajasurrekin egin genuen bezala, hura eragiketa bikaina izan baitzen BBKrentzat".

Une honetan ez dira mota horretako operazioak agerian ikusten hala ere. Kutxen iturrien arabera, momentuz bat-egite prozesuan buru belarri sartuta daude entitateetako arduradunak eta ez dituzte bestelako operazioak aztertuko, bat-egite hori erabat bideratuta egon arte. Azken asteotan BBK zein Kutxabank CAM erosteko hautagai bezala agertu diren arren, ez dute inolako proposamenik aurkeztuko helburu horrekin, egunkari honek jakin duenaren arabera.