Ia 2 urte igaro dira Araban eskrima egiten duten ikasleek euren azken lehiaketa jokatu zutenetik. 2020ko urtarrilean euren azken jardunaldi lehiakorrean parte hartu zuten eta asteburu honetara arte ez da itxaronaldia amaitu. Aurretik, pandemia izan zen lehiatzetik urrundu zituena. Entrenatzeko aukera izan zutenean, eta jardunaldi horiek egitea baimendu zenean, eguraldi txarrak eragotzi zuen.

Lehen hitzordua azaroaren 27-28ko asteburuan zegoen egutegian markatuta, baina ur eta elur denboraleak eta eragin zituen arazoek atzeratu egin zuten. Joan den larunbatean, azkenean, itxaronaldiari amaiera eman zioten eta neska-mutilek eta prestatzaileek biziki eskertu egin zuten. «Batzuk jada sutan zeuden eta etxean makila bat hartu eta entrenatzen saiatu zirela esaten ziguten. Gogo handia zuten», azaldu du Maria Ascasso Gasteizko teknikariak.

Arabako ikasleek bi lehiaketa dituzte ikasturtean zehar: Eskolarteko Liga eta Arabako Txapelketa. Biak ala biak kirol-etapa honetan lehiatzen diren kategorietarako burutzen dira: M10, M12, M14 eta M16. Ligak 4 jardunaldi ditu eta emaitza guztien baturak kategoria bakoitzeko garaileak izendatzeko balio du. Gainera, azken jardunaldiak -laugarrenak- liga ixteko eta txapelketa probintziala ospatzeko balio du.

Lehiaketaren hasieran lau kategorietako 46 neska-mutilek hartu zuten parte. «Pandemiaren geldialdiarekin, batzuk ez dira kategoria batean lehiatu, adinagatik gainditu dute», azaldu du teknikariak, eta «kategoria bateko txikienak hurrengo kategoriako txikienak ere izatera pasatu dira, ez dute denborarik izan beren kategoriako nagusiak izaten diren urtea gozatzeko, irabazteko aukera gehiago dutenean» gehitu du.

Parte hartzeko dinamika ohikoa izan zen. Kategoria bakoitzeko pertsonak poule-etan (taldeetan) banatu ziren guztiak guztien aurkako ligaxka batean, 5 ikutuetara edo hiru minutuetara, lehen gertatzen dena, lehiatuz. Ondoren sailkapena atera zen bakoitzaren garaipenekin, eta duelu baztertzaileen taula bat egin zen (lehenengo azkenaren aurka, bigarrena azken-aurrekoaren aurka€).

Adibidez, jardunaldi honetan, parte hartzaile gehien izan zituen kategoria kimuena izan zen, M12, eta finala jokatu zutenek 32ko taula osatu zuten, gehi poule-etan jokatu zutenak. «Jardunaldi zorrotza da, eta, zenbat parte hartzen duten kontuan hartuta, luzea finaletara iristen denarentzat. Poule-ekin gutxieneko tirada batzuk ziurtatzen ditugu parte-hartzaile bakoitzarentzat, eta gero kanporaketak iristen dira» kontatu digu Asscasok.

Hala ere, umeak pozez zoratzen zeuden. «Urte eta erdi zeramaten entrenatzen eta batzuk ez ziren inoiz lehiatu eta pozarren bukatu zuten, emaitza edozein dela ere». «Ez da gauza bera beti zure taldean entrenatzen duzun 10 haurrekin egotea eta bat-batean jende berria izatea.

Kategoria desberdinetako 42 neska-mutil elkartzen dira, arbitroa dago, denbora kronometratua dago, serioagoa dela konturatzen dira eta beste batzuek nola egiten duten ikusten ikasten dute» azaldu du nazioarteko txapeldunak «Lehenengo eta bigarren jardunaldia beti hartu-emanekoak dira eta hirugarren eta laugarrenean, azken sailkapena kolokan dagoenean, beraiek ere presio pixka bat gehiago jartzen diote beren buruari».

Orain Gabonetako oporretan pentsatu behar da eta ondoren urtarrilaren amaieran ospatuko den denboraldiko bigarren hitzorduan pentsatuko dute berriro. Txikiek arnasa hartzen duten bitartean, Maria Ascassok hitzordu honetarako xehetasunetan pentsatuko du antolatzaile gisa, eta «parte hartzen duten pertsona guztiei oparitxo bat emateko» baliabide gehiago izatea desiratuko du berriro «kamiseta bat edo holako zerbait, badakigu horrek ere motibatzen dituela kirolariak».