Euskaltel-Euskadi taldea etxean lehiatuko da ostiralean, uztailaren 25ean, Ordiziako Klasikoan izango baita, eta bi egun geroago, igandean, uztailaren 27an, Gaztela eta Leongo Itzuliari egingo dio aurre.

Jon Agirre, Mikel Bizkarra, Marton Dina, Jordi Lopez, Gotzon Martin, Iker Mintegi eta Jokin Murguialday arituko dira Ordizian, Ruben Perezen kirol zuzendaritzapean, eta Unai Zubeldiak Bizkarraren lekukoa hartuko du Gaztela eta Leonen, Jorge Azanzaren gidaritzapean.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi du Ordizia "lasterketa berezia" dela taldearentzat, "etxean lehiatzea berezia delako beti".

"Bi lasterketetarako nahiko talde orekatua aurkezten dugu, lehian egoteko edo, gutxienez, ahalik eta gertuen egoteko. Bi lasterketak zorrotzak dira, Gaztela eta Leonek maldan gora bukatzen baitu. Txinan ondo egin ondoren, proba hauetan bolada ona hartzea espero dugu orain Europan dugun egutegiari begira", azaldu du.

Ordiziako Klasikoak 167 kilometroko ibilbidea du, zirkuituari bost itzuli eginda, eta ohiko Abaltzisketako (3. maila) eta Gaintzako (ez puntuagarria) igoerekin. Irteera 10:00etan izango da eta helmuga 14:00ak baino lehen. Guztira, 20 taldek hartuko dute parte, WorldTourreko mailako bostek, ProTeam mailako zortzik eta Kontinental mailako zazpik.

Gaztela eta Leongo Itzulia 11:45ean abiatuko da, eta 201 kilometroko ibilbidea du, Laguna de Duero eta Castillo Peñafiel artean. Hirugarren mailako hiru mendate ditu eta aldapan amaituko da, 1,3 kilometro %6,6an. Lehian 19 talde izango dira, WorldTourreko lau, zortzi ProTeam eta sei Kontinental.