Athletic Clubek eta Javi Lerga entrenatzaile tafallarrak akordioa erdietsi dute Bilboko klubaren emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile bihurtzeko denboraldi batez, 2026ko ekainaren 30era arte, eta David Aznar ordezkatuko du.

Talde zuri-gorriak jakinarazi duenez, Espainiako Futbol Federazioaren beheko mailetan eskarmentu handia duen 45 urteko entrenatzaile nafarra Lezamara heldu da 19 urtez azpiko Eurokopan lortutako arrakastaren ondorioz.

Hain zuzen, Espainiako selekzioak irabazi zuen Polonian jokatutako Europako txapelketa, Daniela Agote, Elene Gurtubay eta Ziara Vega zuri-gorrien parte hartzearekin. Era berean, 2023an Sidneyn munduko txapeldun izan zen talde teknikoan ere egon zen.

Lergak Ibaiganen sinatu du kontratua, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentearekin eta Xabi Arrieta emakumezkoen futbol zuzendariarekin batera.

Entrenatzaile tafalarrak Espainiako Futbol Federazioa utzi du, azken lau urteetan 19 eta 20 urtez azpiko hautatzailea izan ostean, besteak beste. Maila goreneko Espainiako selekzioko bigarren entrenatzailea eta oinarriko selekzioen koordinatzailea ere izan da, eta Lezaman entrenatuko dituen jokalari ugari bertatik igaro dira.

BESTE DATU BATZUK

EHUn Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna, Javi Lerga Irabia-Izaga ikastetxeko irakaslea izan zen 11 urtez. Irakasle gisa lan egin du Nafarroako Futbol Federazioan, Prestakuntza arloko zuzendari eta Entrenatzaile Eskolako zuzendari gisa, 16 urtez azpiko hautatzailea izateaz gain, baita Espainiako Futbol Federazioan ere.

Athletic Clubek eta Javi Lerga entrenatzaile tafallarrak akordioa erdietsi dute Bilboko klubaren emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile bihurtzeko denboraldi batez, 2026ko ekainaren 30era arte, eta David Aznar ordezkatuko du

Lergak gizonezkoen futbolean hasi zuen ibilbidea. Zortzi urte eman zituen Peña Sporten, 2002ko ekainetik, talde nagusia zuzentzen, bai Bigarren Federazioan, bai Hirugarrenean, Tafallako klubeko beheko mailetatik igaro ondoren. Hortik Taxoarera pasa zen, non Osasunaren bigarren taldea zuzendu zuen denboraldi batean, Ohorezko Mailako Gazte Mailan bitan eta harrobia beste hirutan.

David Aznarren ordezkoa Ruben Berrogui bigarren entrenatzailerekin iritsiko da Lezamara. Emakumezkoen futbolean aritua da Berrogui, Barañaingo SD Lagunak, FCN Mulier eta Osasunako gizonezkoen harrobian, bai eta Jagoba Arrasateren talde teknikoan ere lehen taldeko analista gisa. Bere azken esperientzia NK Celje esloveniarrean izan da, Albert Riera agintean zela.