Amar Sylla (22 urte eta 2.06 metro) pibot senegaldarra da Surne Bilbao Basketen fitxaketa berria. Basketball Lowen Braunschweig talde alemanetik dator, eta 4.6 puntu, 4.8 errebote eta 7,3 kredituko balorazioa lortu zituen batez beste aurreko denboraldian Alemaniako Ligan.
Dakarren jaio eta Real Madrilen hazitako jokalaria Euroliga Juniorreko txapeldun izan zen 2019an talde zuriarekin. Madrildik Belgikako Ligara joan zen, eta Filous Oostende taldearekin 9.4 puntu, 5.7 errebote, txapel 1 eta 11.6 kredituko balorazioa izan zituen batez beste bigarren denboraldian.
Ondoren Lituanian aritu zen, Nevezis taldearekin denboraldi bikaina eginez, 11.3 puntu, 7.7 errebote, 2 txapel eta 17.2 kreditu balorazioa lortuta eta Lituaniako Ligako erreboteatzaile eta txapelegile nagusia izanda.
20 urte besterik ez zituela, Real Betisek ACB Ligan jokatzeko aukera eman zion, eta 22 partidatan 3.3 puntuko eta 3.2 erreboteko batez bestekoak lortu zituen. Gainera, Senegaleko selekzioarein jokatu du jada.
Surne Bilbao Basketeko kirol zuzendaritzatik nabarmendu dute Amar Syllak Europako lehiaketak jokatu dituela dagoeneko, gaztea izan arren, eta, esperientzia horri esker, "prest" dagoela talde bilbotarrarekin Fiba Europe Cup jokatzeko.
"Energia, anbizioa eta txapelak jartzeko eta erreboteak hartzeko gaitasunak emango dizkigula espero dugu. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen barneko jokoa osatu dugu berarekin, eta espero dugu lehiakorrak izaten eta gure helburuak lortzen lagunduko digula", adierazi dute.