Gasteizko kluba berriro lehiatuko da Lehen Mailan, aurreko denboraldian egin zuen bezala. Iaz bosgarren postuan amaitu zuen, eta Ohorezko Mailara igotzeko play offean sartzeko garaipen batera geratu zen. Duela bi denboraldi, nahiz eta gurpil aulkiko saskibaloiko estatuko kategoria gorenean plaza izan, erakundeak uko egin zion, ahalegin guztiak harrobia lantzera eta jokalari nazionalak prestatzera bideratu ahal izateko. Eta lan horrek fruituak eman ditu. Hiru jokalarik, Agurtzane Egiluzek, Laura Ugartek eta Naiara Rodríguezek, brontzezko domina lortu zuten udan, Europako Txapelketan, Espainiako selekzio absolutuarekin. Gainera, Naiara Rodríguezek eta Irati Morok laugarren postua lortu zuten Thailandian egin zen 25 urtez azpikoen Munduko Txapelketan.

2023-24 denboraldian filosofia berari eutsiko dio taldeak, eta blokeak ez du ia aldaketarik izango. Berritasun nagusietako bat Rubén Viso da, bere kirol ibilbidearen zati handi bat Gasteizen egin duen eta puntuak emango dituen jokalaria, eta, beste bat, Dani Suárez, lehen eta bigarren taldean laguntzen jarraituko duen gaztea.

Aulkietan ere aldaketak izango dira. Entrenatzaile berria Alex Albaina izango da, Sergio Gonzálezen ordez. 29 urteko gasteiztarra, ogibidez fisioterapeuta, goi mailako entrenatzailea da. 18 urterekin hasi zen Gasteizko zenbait klubetako aulkietan (Arriagan, Mendebaldean), eta, ondoren, Kantabriako saskibaloian aritu zen. Horrez gain, Bigarren Mailako jokalaria izan da Koldo Mitxelena taldean.

Lehen aldiz arituko da gurpil aulkiko saskibaloian, eta ilusio handiz hartu du erronka. "Aukera onartu nuen, jokalari profil desberdin batekin lan egiteko gogo handia nuelako. Bizitza beste modu batera ikusten duen jendea da. Hauek dira aurtengo Iparraldeko Ligan parte hartuko duten klubak: Orain, partidak aztertzen ari naiz", adierazi du

2023-24 denboraldian, Lehen Mailan, 10 talde izango dira: Abeconsa Basketmi Ferrol, Adapta Zaragoza, BSr Amiab Puertollano, BSR Vistazul, Cludemi Almería, Discaesports, Salto Bera Bera, Sureste Gran Canaria, Tenerife Santa Cruz eta Zuzenak Vital Fundazioa.

Arabako taldeak Gasteizko Ariznabarra kiroldegian izango du lehen partida, urriaren 28an, 19:00etan, BSR AMIAB Puertollano taldearen aurka. Ligak 18 jardunaldi izango ditu. Azken partida Ferrolen izango da, apirilaren 24an.

Zuzenaken proiektu berrian beteranoak eta gazteak izango dira, eta berriro ere emakume ugari. Helburua lehiaketaz gozatzea eta Gasteizko harrobiko perla berriak prestatzen jarraitzea izango da.